Osasunbideak COVID-19 gaitzari aurre egiteko 50.016 dosi ematea aurreikusi du aste honetan. Asteartean 40 eta 44 urte arteko 444 altsasuar, olatzagutiar eta ziordiarrek jaso zuten Pfizer etxeko txertoaren bigarren dosia Altsasuko Burunda kiroldegian. Gaur txertaketa gune bihurtuko dena Irurtzungo kiroldegia izanen da, eta bertako osasun eskualdeko 60 eta 67 urte arteko 533 pertsonak Astrazeceneca txertoaren bigarren dosia jasoko dute. Guztira 977 txerto jarri dira aste honetan. Heldu den asteazkenean Irurtzunen, 30 eta 39 urte artekoen txanda izanen da. Eta haiekin batera 18 eta 29 urte arteko batzuek ere jasoko dute txertoa.
Dosia jasotzeko aurrez kontaktatu ez diren 18 urtetik gorako sakandar guztiek aukera dezakete txertoa jartzeko data, online, www.citasalud.navarra.es webgunearen bidez. Hitzordua Osasuneko Karpeta Pertsonalaren bidez egin daiteke, aktibatuta edukiz gero, edo web bidezko hitzorduaren bidez, osasun-txartelaren zenbakiarekin eta jaiotze-datarekin. Bestela, telefonoz ere har daiteke hitzordua, 948 370 130 telefonora hots eginez.
Era berean, Osasunbideak orain arte martxan zeuden txertaketa-prozesuari buruzko informazio-kanalak irekita ditu. Horrela, txertoei buruzko edozein zalantza edo gorabehera Infovac herritarrei informazioa emateko zerbitzura jo daiteke: 948 370 120 telefonora hots eginez edo txertaketa@navarra.es helbidera mezu elektronikoa idatziz.
Positiboak
Hilaren hasieratik herenegun arte, Sakanan COVID-19 gaitzaren 44 kasu zenbatu ditu Osasunbideak. Hilaren 8tik asteazkenera arte, 32 positibo izan dira ibarrean, herrika horrela banatu direnak: Irurtzun 7; Altsasu 6; Etxeberri 4; Uharte Arakil, Lakuntza eta Etxarri Aranatz hiruna; Dorrao 2; eta Errotz, Etxarren, Hiriberri Arakil eta Olatzagutia bana.