FRANTZIAKO TOURRA

XXI. mendeko kanibala jaio da

Andoni Urbistondo 2021ko uzt. 16a, 09:29

Tadej Pogacar-ek irabazi du Luz Ardiden-en, eta hankapean ibili aurkari guztiak, halakorik erakusteko behar handirik ez zeukanean; etorkizunak epaituko du, bere egungo jarrera berekoia; podium-a ez da aldatu, eta Pello Bilbaok bederatzigarren postuan bukatuko du Tourra

"Irabazi ba dezake, zergatik ez du egingo? Zuk ez al zenuke egingo?" Galdera horiek entzungo dituzu maiz Tadej Pogacarrek Luz Ardiden-en emandako erakustaldia gehiegizkoa iruditzen bazaizu. Sobera zegoela uste baduzu. Ez baitzeukan inolako beharrik halakorik egiteko. Atzo, Portet-era bidean bere taldeak lan handia egin zuen etapa irabazteko, eta liderrak berak nahi zuen erlojupekoa ez zen etapa bat irabazi, taldeari euren lana eskertzeko. Ba lortu zuen, baina gaur, taldekideek lan askoz txikiagoa eginda, aurkariak txikitu ditu igual-igual. Hutsaren hurrengo bailira sentiarazi ditu, eta ez du ogi papurrak ere oparitzeko batere asmorik erakutsi. Kanibala da, dena irabazi nahi du, baina izaera horiek luzera kaltegarriak izan daitezke. Etxean daukagu adibide onena, Miguel Indurainekin. Nafarrak nagusitasun ikaragarria erakutsi zuen 1991-95 bost urtekoan, baina txapeldun eskuzabala izan zen, aurkariei palmaresa loditzeko aukera ematen ziena. Pogacarrek, momentuz ez. Tourra aspaldiko diferentzia handienarekin irabaziko du, 3 etapa, mendia eta gazteenaren sailkapena. Eta 22 urte ditu.

 

Pirinioetako azken etapak zeresana eman du. Bukaeran espero zen gidoia izan du, baina hasieran aho bete hortz geratzeko moduko egoerak eman dira. Mohoric eta Alaphilliipe sartu dira eguneko ihesaldia. Mohoric Bahreingoa, baina bere taldea tropeletik tiratzen. Ulertezina. Zergatik egin duten eurek azaldu beharko dute, akaso Poels-ek Tourmalet gainean ahalik eta puntu gehien batzea zen asmoa, baina laugarren izan da eta Pogacarrek ondoren Luz Ardiden-en 40 puntu jaso eta Bahrein-en akatsa zigortu du asko. Gaudu berak ere txaloak merezi ditu, ausart jokatu baitu, Madouas taldekidearen eskutik Tourmalet-en ihes eginda. Minutuko aldearekin pasa da gainetik, baina INEOS-ek saiatu egin nahi zuen Carapaz-ekin, azken aukera, eta jazarpen lana egin du. Alperrik, ostera Pogacarrek Carapaz txikitu egin baitu.

 

Txaloak, era berean, Pello Bilbaori, bederatzigarren momentuz sailkapen nagusian, Rigo Uranek sekulako txakalaldia jasan baitu. Gernikakoak minutu eskasera du zortzigarren postua, Gillaume Martin, eta 33 kilometroko erlojupekoa dagoenez etzi, Bilbaok badu aukeraren bat postutxo bat hobetzeko nagusian. Bihar 19. etapa korrituko da, laua, Mourens-Libourne, 207 kilometro luze. Cavendishen 35. iritsiko al da?