FRANTZIAKO TOURRA

Van Aert konpleto bat, eta Cavendish kafe hutsa izotzarekin!!!

Andoni Urbistondo 2021ko uzt. 18a, 22:55

Van Aert-ek ezustea eman du eta garaipen ederra lortu Eliseoko Zelaietan, Mike Teunissen taldekideak Morkov bideratzailearen rola hartuta; Cavendish trenorik gabe geratu da, eta potentzia beteko deman Van Aertek jokoz kanpo utzi du

Gozoa egongo da Cavendish. Tourreko 35. etapa garaipena lortu, eta historiako marka onena beraganatzeko aukera bikaina zeukan britainiarrak, non eta Eliseoko Zelaietan, txirrindularitzako bihotzean. Ba ezin izan du bere helburua lortu. Eta faktore askogatik. Lehena, Van Aert oso indarsu aritu dela. Atzoko etapa irabazita aho bizarrik gabe bota zuen Parisen esprintean sartuz saiatuko zela etapa irabazten, eta hala izan da. Mike Teunissen taldekidea erabili du bideratzaile moduan, eta Morkov balitz bezala, lan bikaina egin dio, helmugatik 250 metrora Van Aert pedalak astintzen hasteko, bizikleta hautsi beharrean. Beste faktorea Deceuninq-en huts egitea izan da. Ezin izan baitu beste etapetan bezain ondo prestatu trenoa Cavendish-entzat. Ez du bideratzailerik topatu azken kilometroan, eta potentzia dema betean, Van Aert-ek aise menderatu du Cavendish. Gaur, behintzat, Cavendish-entzat kafe huts kaskarra izotzarekin!

 

Ikaragarria Van Aert-en jarduna. Terreno guztietan irabazi du, eta erakustaldiak eman. Mont-Ventoux izango da, Portet-ekin batera, bukatu berri den Tourreko mendate gaiztoena, eta han sekulakoa egin zuen WVA-ek. Erlojupekoa irabazi zuen atzo, eta Tourreko esprint desiratuena gaur. Zer gehiago eska dakioke, bada? Tabernara joan eta kamareroari Van Aert kafe konpleto bat eskatzea bezala. Galdera bat dago, orain, airean. Tourra irabazteko gaitasunik ba al du Van Aert-ek, terreno guztietan halako nagusitasuna erakutsita? Batzuek nahiko lukete, besteek ez. Erantzuna jakiteko itxaron egin beharko da urtebete.

 

Etapak, ohiko legez, ez du zer kontatu handia izan. Schelling, Valgren eta Van Moer izan dira animatzaileak, tropelaren diktadura iraultzen saiatu direnak, baina alferrik. 15 urte dira Parisko garaipena esprintean erabakitzen dela, eta zaila da tradizio hori haustea. Kitto 2021eko Tourra. Bihar, pausatuago, atari honetan, analisi sakonagoa, eta Tourreko notak!!!