Pilota

Gure pilotariak ez dira Masters CaixaBank torneoan ongi hasi

Guaixe 2021ko uzt. 19a, 08:29

Asteburu honetan udako torneoko lehen jardunaldia, jokatu da eta pilotari sakandarrek euren partidak galdu dituzte, alde gutxigatik

Ostiralean hasi zen Masters CaixaBank Torneoa, udako binakako torneoa. Torneoak Binakako Txapelketako antzeko formatua du: 8 bikote ari dira parte hartzen, bikote mistoak, hau da, bi enpresetako pilotariak nahasita daude, eta hasierako ligaxkan guztiek elkarren kontra jokatuko dute. 
Esan beharra dago lehen jardunaldia ez dela batere ona izan gure pilotariendako. 

Ostiralean, Zaldibarren, Olaizola II.ari eta Zabaletari 19 eta 22 irabazi zieten Jaka ordezkatu zuen Lasok eta Tolosak. Partida oso borrokatua izan zen, emozio handikoa. Hasieran Olaizola eta Zabaleta faboritoek hartu zuten aurrea, baina Lasok eta Tolosak partidari buelta ematea lortu zuten. Lasok ezarritako erritmoak Zabaleta nahasi zuen, eta biko gazteak partida berdintzea, aurreratzea, eta abantaila horri eustea lortu zuen. Esperientziadun faboritoen aurrean sorpresa eman eta gailendu ziren elkarrekin batera lehenengo aldiz jokatu zuten Laso eta Tolosa gazteek, Zaldibarko zaleen txalo zaparradaren aurrean. 

Larunbatean Urrutikoetxeak eta Julen Martijak Peña II.aren eta Rezustaren kontra jokatu zuten Tafallan. Hau ere tentsio handiko partida izan zen, oso lehiatua. Horren isla da tanto bakar bateko aldearekin erabaki zela partida, eta Peña II.ak eta Rezustak lortu zuten jokoan zegoen puntua. Kasu honetan ere, faboritoak aurreratu ziren, Urrutikoetxea eta Martija, 17 eta 11. Baina Peñak eta Rezustak ez zuten partida galdutzat eman, eta ekinaren ekinez, berdintzea lortu zuten. 21-era berdinduta, azken tantoak erabaki zuen eta Peña II.aren eta Rezustaren aldera egin zuen. 

Azkenik, atzo Ezkurdiak eta Imazek Altuna III.a eta Aranguren izan zituzten aurkari Irunen. Partidaren lehen zatian Ezkurdia ez zen erasoan oso fin ibili, eta Altunak eta Arangurenek arbizuarrak bere erritmo bortitza ezartzea ekidin zuten. Hori erabakigarria izan zen, Jokin Altuna eta Aitor Aranguren 13 eta 8 aurreratu baitziren. Ondoren hobera egin zuen Ezkurdiak, eta 21 eta 12tik 21 eta 18ra gerturatzea lortu zuten Ezkurdiak eta Imazek, baina ez zuten partidari buelta ematea lortu, Jokin Altunaren gantxoari esker 22 eta 18 gailendu baitziren Altuna eta Aranguren. 

2. jardunaldiak dakarrena
Asteburuan Masters CaixaBank Torneoko 2. jardunaldia jokatuko da. Ostiralean, Idiazabalen, Ezkurdiak eta Imazek Peio Etxeberria eta Albisu izanen dituzte aurkari eta igandean Urrutikoetxea eta Martija Jakaren eta Tolosaren kontra ariko dira, Gatikan, eta Olaizola II.a eta Zabaleta Peña II.aren eta Rezustaren kontra, Laudion.