Txirrindularitza

Erbitik nota onarekin gainditu du Tourra

Guaixe 2021ko uzt. 19a, 09:15

Imanol Erbitik (Movistar Team) bere hamabigarren Tourra osatu du. Hiriberrikoa ezinbesteko talde gizona izan da Jose Luis Arrietak zuzentzen duen taldearendako, eta hamabigarren etapa irabaztekotan egon zen. Ezin izan da aurrekoetan bezala Parisko podiumera igo, Movistar Teamek ez baitu taldekako sailkapena irabazi

3.414,4 kilometro luze bezain gogor osatu eta gero, bukatu da 108. Frantziako Tourra. Tadej Pogacarrek (UAE Team Emirates) bere bigarren Tourra jarraian irabaztea lortu du, nagusitasun handiz eta erakustaldia bata bestearen atzetik egin eta gero. Sailkapen orokorrean, 5 minutu eta 20 segundo atera dizkio Jonas Vingegaard bigarrenari (Jumbo), eta 7 minutu eta 3 segundo Richard Carapaz hirugarrenari (Ineos). Alde itzela. Gauzak bide beretik jarraituz gero, luzerako agintaldia ezarri dezake Pogacarrek, soilik 22 urte baititu.

Bere hamabigarren Tourrean hamabigarren etapa irabaztear egon zen Erbiti
Imanol Erbitik (Movistar Team) bere hamabigarren Tourra izan dena despeditzea lortu du, eta nota onenarekin. Hiriberrikoa 67. postuan sailkatu da, 2:49:07ra, eta ezinbesteko talde gizona izan da Jose Luis Arrieta uhartearrak zuzendu duen taldearendako. Hori gutxi ez balitz bezala, hamabigarren etapan garaipena lortzear egon zen Imanol, bigarrena sailkatu baitzen Nimesen, ihesaldi nagusian sartu eta aurrean geratu eta gero, baina Nils Politt (Bora) gailendu zitzaion. 

Erbiti Parisko podiuma zapaldu gabe geratu behar izan da aurten. Movistar Team taldeak Tourreko azken 3 edizioetan talde onenaren saria lortu zuen, baina talde urdinak aurten ez du garaipena lortu, Bahrain talde izan baita talderik onena. Movistar Team 9. sailkatu da. Enric Mas liderrak sailkapen orokorrean lortutako 6. postuarekin konformatu behar izan da Movistar Team.