Futbola

Futbol campusen booma

Guaixe 2021ko uzt. 22a, 12:00

Sakanako Mankomunitateko udako futbol campuseko bi txandak, Osasuna Fundazioko Uharte Arakilgo campusa eta Lakuntzako Lagun Arteako campuseko lehenengo txanda despeditu dira. Astelehenean Lagun Arteako campuseko bigarren txanda eta Osasuna Fundazioko Altsasuko campusa abiatu ziren

Futbolak arrakasta handia du gurean. Hori ez da kontu berria. Bai, ordea udako futbol campusek Sakanan izan duten gorakada eta eskaintza. Duela urte batzuk soilik Sakanako Mankomunitateak antolatzen zuen udako futbol campusa zen udan futbolean trebatzeko zegoen eskaintza bakarra, baina gutxika aukerak zabaldu dira eta aurten dagoen eskaintza zabala nabarmentzekoa izan da. 

Ekainaren 23an hasi eta ekainaren 29an despeditu zen Lakuntzako Lagun Arteak antolatutako udako futbol campusaren lehen txanda. 30 neska-mutiko baino gehiago trebatu ziren futbolean Lagun Arteako futbol koordinatzaile Asier Alegriaren, Adur Kanporen eta beste hainbat monitoreren esanetara. Bestalde, Uharte Arakilek lehenengoz Osasuna Fundazioko futbol campusa hartu zuen, uztailaren 5etik 9ra. Guztira 23 neska-mutiko aritu ziren futbolean trebatzen, bi  multzotan banatuta. 

Sakanako Mankomunitateko futbol campusen kasuan, lehen txanda uztailaren 1etik 7ra izan zen, asteburua izan ezik, eta bigarrena uztailaren 8tik 14ra, asteburua izan ezik. Bi txandetako monitoreak Aitor Lara Zia eta Maalen Beraza Etxarri izan dira, eta gustura aritu dira Dantzalekun futbolean trebatzen. Lehen txandan hemezortzi neska-mutikok parte hartu zuten,  eta bigarrenean 26 gaztetxok.  

Aste honetakoa
Baina hau ez da bukatu. Astelehenean beste bi futbol campus abiatu ziren. Lehena Lagun Artearen campuseko bigarren txanda da, Lakuntzako Zelai Berrin, eta bigarrena Osasuna Fundazioaren Altsasuko campusa, Dantzalekun eskaintzena ari dena.