Txirrindularitza

Brontzezko Nahia Imaz

Guaixe 2021ko uzt. 26a, 10:00
Hugo Aznar eta Nahia Imaz, Laia Puigdefabregas taldekidea altxatzen. NAFARROAKO TXIRRINDULARITZA FEDERAZIOA.

Junior mailako Espainiako Erlojupeko Txapelketan hirugarren postuan sailkatu zen Ermitagaña Nafarroa taldeko altsasuarra. Burunda klubeko Kortesko Unai Aznarrek zilarrezko bi domina lortu zituen, bata lineako lasterketan eta bestea erlojupekoan

Uztailaren 16tik 18ra Eskola Adineko eta Junior Mailako Espainiako Txirrindularitza Txapelketak jokatu ziren Madrilen. Nafarroako selekzioarekin hainbat txirrindulari sakandar aritu ziren: haurren mailan, Burunda klubeko Ekain Imaz eta Ekaitz Perez; kadeteen mailan, Burundako Mikel Regil eta Aralar klubeko Manex Zufiaurre; eta, junior mailan, Burunda klubeko Mikel Unzilla eta Hugo Aznar, –azken hau Korteskoa, izatez–, Aralar klubeko Jon Erdozia eta Unai Garro eta Ermitagaña Nafarroa taldeko Nahia Imaz. 

Guztiek primerako lana egin zuten, baina Nahia Imaz altsasuarrak eta Burundako Hugo Aznar kortestarrak egindako lana azpimarratzekoa da. Lehenik eta behin, biek junior mailako erlojupekoan parte hartu zuten. Nafarroako selekzioak lan bikaina egin zuen, emakumezkoetan Laia Puigdefabregas txapelduna izan baitzen (25:47) eta Nahia Imazek brontzezko domina lortu baitzuen (26:40). Eta, gizonezkoetan, Gaztela eta Leongo Ivan Romeo txapeldunaren atzetik (21:34) sailkatu zen Hugo Aznar (22:11), zilarrezko domina lortuaz. 

Junior mailako lineako lasterketari dagokionez, emakumezkoetan (77,4 km) bikain aritu zen Nafarroako selekzioa. Mendian gora Nahia Imaz, Laia Puigdefabregas, Naroa Fernandez eta Mireia Arriazuk egindako erasoek arerioak ahuldu zituzten eta, azkeneko kilometroan, Naroa Fernandezek aurrera egin zuen eta helmugara bakarrik iritsi zen, Espainiako txapelduna izatea lortuaz (2:09:54). Nahia Imaz podiumera igotzear egon zen, laugarren sartu baitzen, 3 segundora. 

Gizonezkoetan eguneko ihesaldian sartu ziren Mikel Unzilla eta Unai Garro sakandarrak, baina Madrilgo bero sapak 125 kilometroko lasterketa luzea are gehiago gogortu zuen, eta tropela guztiz apurtu zen. Hugo Aznarrek atzetik aurrera egin zuen, ihes egindakoak harrapatu eta bigarrena izan zen helmugan, Gaztela eta Leongo Ivan Romeo txapeldunarengatik (3:08:54) minutu pasara (3:10:19). Bere bigarren zilarrezko domina lortu zuen Hugo Aznarrek. Unai Garro 45. sailkatu zen, Mikel Unzilla 47.

Kadeteak eta haurrak
Kadeteen lineako lasterketan Mikel Regil 42. postuan sailkatu zen, Nafarroako selekzioko posturik onena. Erlojupekoan hemezortzigarren sailkatu zen txirrindulari altsasuarra (17:55). Haurren mailako ginkanan Ekain Imaz 20. sailkatu zen eta Ekaitz Perez 53. Haurren mailako lineako lasterketan Ekaitz Perez 30. iritsi zen helmugara, eta Ekain Imaz 37.