Astekaria

Kalistenia zer den jakin nahi duzu?

Maider Betelu Ganboa 2021ko uzt. 28a, 13:30

Arbizuko kalistenia eta ariketa fisikoa egiteko parkea, Olatzearen ondoan.

Mank-eko Sakana Eskualde Aktiboa Zerbitzuak kalistenia tailerrak antolatu ditu abuztuan Altsasun, Etxarri Aranatzen, Arbizun eta Irurtzunen, 12 eta 16 urte bitarteko gazteendako. Dohainik da, baina abuztuaren 6a baino lehen eman behar da izena

“Kalistenia ariketa fisiko multzo bat da eta nork bere gorputzaren pisua erabiliz, hainbat gihar indartzen dira”. Horrela definitu du kalistenia Mank-eko Sakana Eskualde Aktiboa Zerbitzuak, abuzturako antolatu dituen tailerren berri emateko unean. Finean, kalistenia barrak eta halako elementuak erabiliz, ariketa fisikoa egitea da.

Jakina denez, Sakanako biztanleria gero eta aktibo eta osasuntsuagoa izatea nahi du Sakanako Mankomunitateak, eta, horretarako Sakana Eskualde Aktiboa Zerbitzua jarri du martxan. Hain zuzen ere, zerbitzu honetako jarduera fisikorako orientatzaileak, Dani Echávarri Manjónek gidatuko ditu kalistenia tailerrak. Ekimena 12 eta 16 urte bitarteko gazteei bideratuta dago, eta ordu bateko ikastaroa izanen da, doakoa. Sakana Eskualde Aktiboa Zerbitzuak nabarmendu duenez, “berdin du zein den izena ematen dutenen maila fisikoa”. 

Sakanako Mankomunitateko kirol teknikari Amaia Gerrikagoitiak azaldu duenez, nerabeen artean inkesta bat egin zuten, nerabeek kirolen alorrean zituzten interesen berri jakiteko, eta inkesta horretan aipatu zutenen artean kalistenia zegoen. “Geroz eta parke gehiago daude barrak eta halako elementuak dituztenak, jendeak ariketa egin dezan. Esaterako, Arbizun, Kattuka haur eskolaren parean, adineko jendeari bideratutako aparatuak jarri dituzte, haiek kirola egin dezaten, eta, horretaz gain, barrak eta halako aparailuak jarri dituzte, gazteagoek kalistenia ariketak egin ditzaten” aipatu du. 

Kalisteniako lau saio antolatu dituzte. Lehena Altsasun izanen da, abuztuaren 9an, astelehenarekin, 17:00etan, Dantzaleku atletismo pistan. Bigarren saioa Etxarri Aranatzek hartuko du, abuztuaren 10ean, asteartearekin, 17:00etan igerilekuetan. Hirugarren saioa Arbizun izanen da, abuztuaren 11n, asteazkenarekin, 17:00etan Kattuka ondoan dagoen Kalistenia parkean. Eta, azkeneko saioa Irurtzunen prestatu dute, abuztuaren 12an, ostegunarekin, 17:00etan, igerilekuetan. 

Izena ematea
Mank-eko Sakana Eskualde Aktiboa Zerbitzuan (608 697 550 edo aktibatu@sakana-mank.eus), abuztuaren 6a baino lehen. Dohainik. 

Ttipi-Ttapa paseo osasuntsuak eta arreta
Sakana Eskualde Aktiboa zerbitzuak hainbat zerbitzu eskaintzen ditu. Besteak beste, zerbitzuko jarduera fisikorako orientatzaile Dani Echávarri ariketa fisikoa egin nahi duten eta honen inguruan informazioa nahi duten sakandarren deien zain dago (608 697 550), norberaren ezaugarri eta beharrei egokitutako jarduera fisikoa aukeratzen laguntzeko. Herritar guztiendako zerbitzua da, dohainik. Danik ere Ttipi-Ttapa paseo osasuntsuak gidatzen ditu Urdiainen, Bakaikun, Iturmendin, Lakuntzan, Arbizun eta Etxarri Aranatzen eta aurki hasiko dira Uharte Arakil eta Irurtzungo taldeak. Eta etxean ariketa fisikoa egiteko Etxean Bizi programa eta Helduhezifit tailerrak gidatzen ditu.