Triatloia

Urdiaingo igerilekuek Sakanako Nafar Kirol Jolasen Triatloia hartuko dute

Guaixe 2021ko uzt. 23a, 12:37
2019ko Sakanako Haur Triatloia. ARTXIBOA.

Mank-ek antolatuta, Sakanako XIX. Nafar Kirol Jolasen Triatloia jokatuko da bihar, larunbata, Urdiaingo Aitziber  igerilekuetan, 10:00etatik aurrera. Guztira 100 neska-mutiko lehiatuko dira, horietatik 30 inguru udako triatloi campusean parte hartzen ari diren sakandarrak

2019an jokatu zen azken aldiz Sakanako Haur Triatloia, Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak antolatuta. Pandemiagatik joan den urtean ez zen jokatu, baina aurten indarberrituta itzuliko da proba, Sakanako XIX. Nafar Kirol Triatloia izena hartu duena eta Urdiaingo Aitziber igerilekuetako inguruko paraje ikusgarrietan gauzatuko da. 

Sakanako Mankomunitateko kirol teknikari Amaia Gerrikagoitiak azaldu duenez, 100 neska-mutiko lehiatuko dira, benjaminetatik jubeniletara bitartean. Izena ematea Nafarroako Triatloi Federazioan egin beharra zegoen, eta dagoeneko izena ematea itxita dago. Parte hartuko duten 100 triatleta horietatik 30 inguru Sakanako udako triatloi campusean parte hartzen ari diren neska-mutikoak izango dira. 

Larunbatean
10:00etan hasiko da Sakanako XIX. Nafar Kirol Triatloia, Urdiaingo Aitziber igerilekuetan. Igerilekuaren ondoko paraje ederretan jokatuko da proba: Saraben, San Pedron eta Urriztin. Jubenilak eta kadeteak batera abiatuko dira 10:00etan, baina 9:30etarako igerilekuetan egon beharko dute, material kontrola pasatzeko. Jubenilek Urdiaingo igerilekuetan 18 luze egingo dituzte, bizikletan 8 km (prestatutako zirkuituari 2 itzuli) eta, bukatzeko, korrikako zirkuituari bi buelta eman, 2,2 km osatuz. “Azkeneko edizioan jubenilen, kadeteen eta haurren mailako bizikleta sektorean aldaketa egin genuen. Sarabera joan beharrean, San Pedron eta Basoitxian, Dameroan, prestatu zen zirkuitua. Arrakasta handia izan zuen, oso ederra baitzen, eta aurten ere nagusien bizikleta sektorea bertan egingo dugu” azaldu du Gerrikagoitiak. Korrikako sektorea Urriztin barna egingo dute aipatu kategoriek. 

Haurren mailako lasterketa 11:25ean abiatuko da (10 luze igerilekuan, 4 km zirkuituari buelta bat, bizikletan, eta 1,1 km-ko zirkuituari buelta bat, korrika) eta kimuen mailakoa 12:30ean (8 luze, 3 km-ko zirkuituari buelta bat bizikletan eta 750 metroko zirkuituari buelta bat, korrika). Bukatzeko, benjamin mailako neska-mutilak 13:15ean hasiko dira. Urdiaingo igerilekuan 4 luze egingo dituzte, bizikletan 1,5 km-ko buelta eta korrika 350 metro osatuko dituzte. Benjamin mailako bizikleta sektorea Saraben gauzatuko da, eta korrikako sektorea Urriztin.