Trebakuntza teknikoetako parte hartzaileendako dirulaguntza

Guaixe 2021ko abu. 4a, 10:06

Sakanako Mankomunitateko egoitza.

Euskarazko ikastaro teknikoak edo hizkuntza minorizatuei buruzkoak egin dituztenendako dirulaguntza deialdia egin du Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak.

Ikasketa ofizialak eta arautuak ez diren ikastaro, jardunaldi, biltzar, mintegi edo gisakoetan parte hartu duten herritarrek Sakanako Mankomunitatearen dirulaguntza jasotzeko aukera dute. Beti ere, gaia edozein dela, euskaraz izan badira edo euskararen edota hizkuntza gutxituen normalizazioarekin edo soziolinguistikarekin zerikusia dutenak. Mank-ek matrikula gastuei aurre egiten lagunduko du bakarrik eta, beraz, deialditik kanpo gelditzen dira egoitza eta kilometraje gastuak. 

Laguntza deialdiko poltsak 500 euro ditu. Dena den, Mank-ek ez du 200 euro baino gehiagoko dirulaguntzarik emanen. Eskaerak ibarreko erakundeak Lakuntzan duen egoitzan edo haren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu daitezke. Epea abenduaren 18an despedituko da. Aurkeztu beharreko dokumentazioa honakoa da: eskabide ofiziala beteta, eskatzailearen nortasun agiriaren kopia, erroldatze ziurtagiria, asistentzia ziurtagiria, matrikularen ordainagiria eta aitorpena, arrazoi beragatik administrazio publikoei edo entitate pribatuei eskatutako edo haiek emandako dirulaguntza guztiena. Adierazi beharko da eskaerak ebazteke edo ebatzita dauden; azken kasu horretan, kontzesioari buruzko ebazpenaren kopia erantsiko da. Eskatzaileen bete beharren artean daude ikastaroaren % 80an parte hartu duela frogatzea, Sakanan erroldatuta egotea eta Sakanako Mankomunitatearekiko zerga-betebeharrak ordainduta izatea.