AHTren kontra, bizikleta gainean

Guaixe 2021ko uzt. 27a, 11:32
Abiadura Handiko Trenaren kontrako txirrindulariak Irañetan. ARTXIBOA

AHTko lanak gelditzeko eskatzeko Iruñea eta Atxondo artean bizikleta martxa antolatu dute, eta bihar eta etzi Sakanatik pasako da. Harekin bat eginen dute zutabeak osatzera deitu dute.

Abiadura Handiko Trenaren (AHT) kontrako kanpaldia hartuko du Atxondok (Bizkaia) hilaren 30etik agorrilaren 1era. Nafarroatik hara joateko eta, bide batez, AHT egitasmoa salatzeko, bizikleta martxa antolatu du AHT Gelditu!-k. Hiru etapatan eginen dute Iruñea eta Atxondo arteko ibilbidea: bihar, Iruñetik abiatu eta Etxarri Aranatz arteko bidea eginen dute. etzi tropela  Etxarri Aranaztik abiatu, eta, Burunda zeharkatu ondoren, Etura (Araba) arteko bidea eginen du. Etzidamu Eturatik Atxondoko kanpaldiraino joanen dira. 

AHT Gelditu-ko kideek azaldu dutenez, “AHT dagoeneko eraikita dagoen azpiegitura da eta atzera egiterik ez dagoela inposatzen ari zaigun ideia da. Ez da horrela”. AIREF (Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independentea) erakundeak emandako datuak gogorarazi dituzte, “Euskal Autonomia Erkidegoan 15 urteko lanen ondoren, inbertsio osoaren %58 falta da oraindik. Nafarroan 10 urteko lanen ondoren inbertsioaren %96 falta da oraindik”.

Bizikleta eta kanpaldia antolatzaileek azaldu dutenez, “AHT Euskal Herriaren etorkizunerako azpiegitura estrategikoa eta funtsezkoa dela sinetsarazi nahi digute”. Lanetara bideratutako “aurrekontu neurrigabeak” salatu dituzte. Baita COVID-19aren ondoren berreskurapenerako Europako funtsen zati handi bat azpiegitura hori finantzatzeko erabili nahi izana ere. “Funts publiko horiek, beste behin ere, enpresa pribatuek finantzatuko dituzte kapitalismo berdea sendotzeko aurrekaririk ez duen operazio batean, eta, aldi berean, gizarte-gaietan egindako murrizketak eta biztanleriaren sektore handien pobretzea gero eta jasangaitzagoak izango dira”. Exijitu dute “inbertsio publiko gehiago ez xahutzea hondorik gabeko putzuan, iristen ari den kolapsoa are gehiago bizkortuko baitu”. 

Egitaraua

  • Garilak 28, asteazkena. Iruñea-Etxarri Aranatz 
    09:30 Nafarroako Gobernuaren egoitzaren parean. 
    14:00 Irurtzunen bazkaria. 
    17:00 Irurtzundik abiatu. 
    18:00 Uharte Arakil. 
    19:00 Etxarri Aranatzera iritsi. Afariaren ondoren, sorpresa.
  • Garilak 29, osteguna. Etxarri-Aranatz-Etura 
    09:30 Etxarri Aranaztik abiatu. 
    10:30 Altsasu. 
    11:30 Ziordia. 
    14:00 Durruma. Bazkaria.
    16:30 Durrumatik abiatu. 
    17:30 Agurain.
    20:00 Etura. 
  • Garilak 30, ostirala. Etura-Kanpazar-Atxondo 
    09:30 Eturatik abiatu. 
    11:30 Leintz-Gatzaga. Hamaiketakoa.
    12:15 Eskoriatza.
    12:30 Aretxabaleta
    12:45 Arrasate.
    14:30 Kanpazar gaina. Bazkaria. 
    17:30 Kanpazarren Txirrindula martxarekin bat egiteko deialdia: denok batera Atxondoko akanpadara! Kanpazarretik abiatzen gara.
    17:45 Elorrio.
    18:30 Atxondo. Akanpadara iritsi gara! Bizikleta Martxari ongi-etorria. Monolitoaren mustutzea.