Txirrindularitza

Iker Mintegi bigarren Madrilgo Itzuliko atzoko etapan

Guaixe 2021ko uzt. 23a, 08:00
Iker Mintegi eta Ailetz Lasa Madrilgo Itzulian, Laboral Kutxako taldekideekin. OSKAR MATXIN-LABORAL KUTXA

Laboral Kutxako altsasuarra sailkapen orokorrean hirugarren postuan dago, bere taldekide Xabier Isasa liderrarengatik 18 segundora. Ailetz Lasa taldekide ziordiarra 74. postuan dago. Madrilgo Itzulia igandean despedituko da

Asteazkenean hasi zen XXXIII. Madrilgo Itzulia. Orain arte kategoria profesionaleko proba zen, baina aurten 23 urtez azpikorako izango da. Horrek ez dio probari gogortasunik kendu, inola ere ez. Afizionatuen mailako talde onenak ari dira lehian, 22 guztira, atzerriko taldeak tartean eta baita talde euskaldunak, Rural Kutxa-Seguros RGA talde sakandarra, Lizarte, Laboral Kutxa eta beste. Hain zuzen ere Laboral Kutxako Iker Mintegi altsasuarrak zeresan handia eman du Madrilgo Itzulian. Bere taldekide Ailetz Lasa ziordiarrak esana zuen talde oso ona eraman dutela Madrilera, gauza politak egiteko trebea, eta bete betean asmatu du. 

Mintegi eguneko ihesaldian sartu zen
Asteazkenean erlojupekoa jokatu zen. Telco´m taldeko Jose Marin izan zen txapelduna (9:44) eta Laboral Kutxako Iker Mintegi lehen sakandarra, hamalaugarren postuan, 22 segundora. Atzo, osteguna, Buitrago del Lozoyan hasi eta bukatutako 97,6 kilometroko etapa jokatu zen, eta Puebla de la Sierra, El Cardoso eta La Hiruela gainak gainditu behar izan zituzten. Beroa izan zen eguneko protagonista, eta lasterketa hastearekin batera hasi ziren txirrindularien etengabeko erasoak. Azkenean, eguneko ihesaldiak forma hartu zuen eta bertan sartu zen Laboral Kutxako Iker Mintegi. Ihes egindakoek La Pueblako gainean 2 minutuko errenta atera zioten tropelari. 

Baina tropelean ere mugimendua egon zen, eta Elias Marisek (Basso Team) eta Xabier Isasak (Laboral Kutxa) aurrera egitea eta aurreratua zegoen tropelarekin bat egitea lortu zuten. Eta ihes egindakoen artean ere aldaketak egon ziren. Ismael Guzmanek (Globalia) eta Ricardo Zuritak (Gsport) ezin izan zuten erritmoa eutsi eta atzean gelditu ziren, eta baita matxura izan zuen Pablo Castrillok (Lizarte) ere. Soilik laukote bat geratu zen aurrean, Iker Mintegi tartean, eta euren artean jokatu zen garaipena. Azkenean, Elias Maris belgikarra (Basso Team) izan zen lehena, eta segundo batera Iker Mintegi altsasuarra sailkatu zen, Gabriel Rodas (Gsport) eta Xabier Isasa (Laboral Kutxa) txirrindulariekin batera. 

Atzoko etapa eta gero, lider berria du Madrilgo Itzuliak, Xabier Isasa (Laboral Kutxa). Iker Mintegi hirugarren postuan dago, 18 segundora, eta Ailetz Lasa 74. postuan, 11:49ra.  

Geratzen diren hiru etapak
Gaur, ostirala, Parlan hasi eta despedituko den 123 km-ko etapa dute aurretik, La Nueva eta El Pinar mendateekin, eta larunbatean Villrejo de Salvanesen 130 kilometroko etapari eginen diete aurre, hiru porturekin: Loranca, Nuevo Baztan eta Torres de la Alameda. Madrilgo Itzulia igandean despedituko da, Galapagarko belodromoan hasi eta El Escorialeko San Lorenzon despedituko den 138 kilometroko etaparekin. Cruz Verde, El Mojon, Santa Maria de la Alameda eta Robledondo portuak gainditu beharko dituzte.