Epaitegien oniritzia jaso ondoren, Nafarroako Gobernuak jakinarazi du gaur goizaldean sartuko dela indarrean COVID-19ren eragin handiko udalerrietan gaueko mugikortasuna mugatzea aurreikusten duen Foru Agindua. Asteburuetan, jaiegunetan eta herritan festak ospatu beharko liratekeen egunetan indarrean izanen da araudia.
Foru administrazioak jakinarazi duenez, 141 udalerritako 600.000 pertsonari eragiten die, eta horien intzidentzia metatua oso arrisku handian dago: 250 kasu baino gehiago 100.000 biztanleko azken egunetan, eta 125 kasu 7 egunetan. Zerrendan Sakanako sei herri daude: Altsasu (322,45ko intzidentzia azken 14 egunetan, eta 241,83 azken zazpitan), Arakil (1.178,99 eta 428,72), Irurtzun (850,87 eta 537,39), Lakuntza (390,93 eta 156,37), Uharte Arakil (745,34 eta 372,67) eta Ziordia (1.149,42 eta 1.149,42).
Herri horietan, larunbat honetako goizaldetik garilaren 30eko 00:00ak arte, honako jarduera hauetarako bakarrik zirkulatu ahal izango da gaueko ordu horietan: sendagaiak eta osasun-produktuak eta premia biziko beste ondasun batzuk erosteko, osasun- eta albaitaritza-zerbitzuetara joateko, laneko edo legezko betebeharrak betetzeko, pertsona kalteberak zaintzeko, gasolindegietan orain arte aipatutako jarduerak egiteko, eta ezinbesteko kasuetan edo beharrizan-egoeretan.
Foru Aginduak gogorarazten du mugak egoera epidemiologikoa ikusita ezarri behar direla, "Intentsitate handiarekin, larritasun ertainarekin eta goranzko joerarekin". Ildo horretan, egiaztatu du kutsatze kasu berri asko "gazteen artean, gaueko ordutegian, gertaera superkutsakorrak gertatzen ari direla, baita kanpoan ere, batez ere ostalaritza-establezimenduak eta gaueko aisialdiko establezimenduak goizaldeko 01:00etan ixten diren ordutegitik aurrera".
Nafarroako Gobernuak prestatu duen ohiko galderen dokumentua hemen irakurgai.