Pilota

Martijak lehen puntua bildu du, Ezkurdiak hutsik du saskia eta Zabaleta ez zen aritu

Guaixe 2021ko uzt. 26a, 09:40
Martija izan da jardunaldi honetan puntuatu duen bakarra.

Masters CaixaBank Torneoko bigarren jardunaldian Martija izan da puntuatu duen sakandar bakarra. Hirugarren jardunaldiko partida bat Etxarri Aranatzek hartuko du ostiralean

Asteburuan Binakako Masters CaixaBank Torneoko bigarren jardunaldia jokatu da eta pilotari sakandarrek txanponaren bi aldeak ezagutu dituzte. Julen Martijak eta Urrutikoetxeak euren lehen garaipena lortu duten bitartean, Ezkurdiak eta Imazek galdu egin zuten, eta Zabaletak ezin izan zuen jokatu, eskuko minez dagoelako. Bere ordez Bikuña aritu zen, eta berak eta Olaizola II.ak galdu egin zuten. 

Ezkurdia, deseroso
Joseba Ezkurdiak eta Imazek Peio Etxeberria eta Albisu izan zituzten aurkari ostiralean Idiazabalen.  Etxeberria eta Albisu indartsu hasi ziren; Albisuk atzeko koadroetan agindu egin zuen, eta Etxeberriak tantoak ongi bukatu zituen aurrean. Aldiz, Joseba Ezkurdia eta Imaz ez zeuden batere eroso, eta zenbait akats pilatu zituzten. Presaka aritu zen arbizuarra, Imazi lagundu nahian pilota asko galduz. Horrela, Etxeberriak eta Albisuk abantaila ederra hartu zuten (3 eta 11). Gutxika, Albisuren nagusitasuna apaltzen joan zen eta Ezkurdiak eta Imazek hobera egin, baina ez zen nahikoa izan, eta ezin izan zuten emaitza irauli. 15 eta 22 galduta, saskian punturik gabe jarraitzen dute Ezkurdiak eta Imazek. 

Zabaleta, eskuko minarekin
Punturik gabe daudenak ere Olaizola II.a eta Zabaleta dira. Atzo Laudion jokatutako partidan Zabaletak ezin izan zuen aritu, eskuineko eskua minduta duelako, eta Iñigo Bikuñak hartu zuen bere tokia. Peña II.a eta Rezusta izan zituzten aurkari. Partida oso lehiatuan, Rezusta izan zen protagonista nagusia, Bergarako atzelariak norgehiagoka dominatu baitzuen. Olaizola II.a lehen jardunaldian baino hobe aritu zen, eta berak eta Bikuñak ederki estutu zituzten Peña eta Rezusta, baina nahiz eta Peña nahiko irregular ibili, Rezustaren aginteari esker 20 eta 22 irabazi zuen bikoak. 

Martijaren lehen puntua
Atzo, igandea, Martijak eta Urrutikoetxeak garaipen garrantzitsua lortu zuten Gatikan, perikarditisaz osatuta kantxara itzuli zen Erik Jakaren eta Tolosaren kontra (22 eta 17). Sentsazio onekin aritu zen Erik Jaka, baina Martijak eta Urrutikoetxeak ongi erantzun zioten. Gatikako frontoia berezia da, pilotak bote eta estraño berezi asko egiten ditu eta hasieran zenbait akats egin zituzten bi bikoek, eta, horregatik, lehia paretsua izan zen. Lau pilotariak ongi aritu ziren, eta aurrelariek, bereziki, emozioa eman zioten partidari. Parez pare aritu ziren bi bikoak, eta bederatzi alditan berdindu zuten, azkena 17koan. Hortik aurrera, Urrutikoetxeak Jakak baino gehiago asmatu zuen, eta tantoak euren aldera erori ziren. Horrela, 6 tantoko takada egin zuten Urrutikoetxeak eta Martijak eta garaipen garrantzitsua lortu zuten, euren lehen puntua bildu baitzuten. 

Etxarri Aranatzen
Asteburuan Masters CaixaBank Torneoko hirugarren jardunaldia jokatuko da, eta jardunaldietako bat Etxarri Aranatzen jokatuko da, ostiralean, 22:00etatik aurrera. Ezkurdiak eta Imazek Elezkano II.a eta Mariezkurrena izango dituzte aurkari. Bi bikoek ez dute punturik, eta sailkapenean azkenak dira; horregatik, lehia garrantzitsua izango da. Aurretik, Joanes Bakaikoak eta Aretxabaletak Salaberriaren eta Ladis Galarzaren kontra jokatuko duten partidak zabalduko du jaialdia. Sarrerak salgai daude, Etxarri Aranazko udaletxean (20 euro). 

Bi arakildarrak, Martija eta Zabaleta, elkarren kontra ariko dira larunbatean Zestoan, Etxarrengo atzelariaren eskua ongi jartzen bada behintzat. Olaizola II.ak eta Zabaletak euren lehendabiziko puntua lortu nahiko dute dagoeneko euren lehen puntua duten Urrutikoetxearen eta Martijaren kontra. Gainontzeko partidatan, larunbatean Altuna III.a eta Aranguren Peio Etxeberriaren eta Albisuren kontra ariko dira, Zeanurin, eta igandean, Oñatin, Jakak eta Tolosak Peña II.a eta Rezusta izango dituzte aurkari.