Mendi lasterketak

Tritoiena prestatzeko atzerakontua

Guaixe 2021ko uzt. 28a, 11:00

Beriain ardatza duen eta Arbizuko kanpinean antolatzen den mendi lasterketa abuztuaren 29an jokatuko da, igandearekin. Izena emateko 200 tokiak agortu dira baina itxaron zerrendan izena eman daiteke, www.herrikrosa.eus webgunean

Abuztuaren 29an jokatuko da V. Tritoiena traila, Dantzaleku Sakana Atletismo Klubak eta Arbizuko Kanpinak antolatuta. 20,6 km eta 1.053 metroko desnibel positiboa duen mendi lasterketa ikusgarria da Tritoiena, Beriain erdigunea izanda, Arbizuko kanpina irteera eta helmuga duena. Tritoiena Nafarroako Mendi Lasterketen Zirkuiturako puntuagarria izango da aurten. 

Tritoiena abuztuaren 29an goizeko 09:30ean abiatuko da, Arbizuko kanpinetik. Hasieran, Arbizuko ekokanpinaren perimetroari buelta bat emango zaio, eta ondoren Leziza ubeldea gurutzatu, eta Unanuko dermiora sartuko da, Ondatzera. Ondatzetik Unanura jaitsi, eta Tritoiena ibilbidetik Beriain igo eta gero, Uharte Arakilgo portutik jaitsiko da. Portu erdian Unanuko terreno aldera egiten da, Ondatz gainetik Arbizun sartzen da, Arnatzen, eta hortik kanpineko helmugara doa. Ibilbide ederra da, eta horri Beriainen erakargarritasuna gehitu behar zaio. 

Joan den urtean Tritoiena COVID-19 ondotik antolatutako lehen proba nafarra izan zen, eta, aldi berean, Nafarroako Banakako Mendi Txapelketa. Ion Sola anoztarra izan zen txapelduna eta Nafarroako txapelduna (1:43:30), Zegaman bizi den Beñat Katarain lakuntzarrari 25 segundo aterata. Emakumezkoetan Leire Baraibar izan zen txapelduna (2:19:32), eta Irene Segura izan zen Nafarroako txapelduna. 

200 tokiak, agortuta
Dagoeneko agortuta daude Tritoienan aritzeko antolakuntzak prestatutako 200 tokiak, baina itxaron zerrendarako izena eman daiteke, www.herrikrosa.eus webgunean (20 euro).