Txirrindularitza

Iruñeko Itzuliko lehen etapa Nahia Imazendako

Guaixe 2021ko uzt. 28a, 10:20
Nahia Imaz eta Laia Puigdefábregas, asteleheneko helmugan. MARTIN EARLY

Junior mailako Emakumezkoen Iruñeko Itzuliko lehen etapa Ermitagaña Nafarroa taldeko Nahia Imaz altsasuarrak irabazi zuen, eta Iruñeko Itzulia bere taldekide Laia Puigdefábregasek irabazi zuen

Astelehenean eta asteartean junior mailako Emakumezkoen Iruñeko Itzulia jokatu zen, eta Nahia Imaz Perez altsasuarra (Nafarroa Ermitagaña) izan zen protagonistetako bat. 

Asteleheneko lehendabiziko etapak Aranguren izan zuen abiapuntu eta helmuga (76 km). Zehazki, La Morea merkataritza gunean abiatu zen, eta Mutiloan bukatu. Txirrindulariek erritmo oso handiarekin ekin zioten lasterketari, eta berehala sortu ziren erasoak. Arangurengo Gaineko hirugarren igoeran, Nahia Imazek aurrera egin zuen eta aurretik ihes eginda zegoen Margalida Capella (Turnkey) harrapatu zuen. Atzetik Imazen taldekide Laia Puigdefábregas taldekidea zetorren, eta jaitsieran biekin bat egin zuen. Bi nafarrek lan gogorra egin zuten, Capella atzean utzi zuten, eta elkarrekin iritsi ziren helmugara. Nahia Imazek lortu zuen garaipena, merezitakoa (2:10:07). 

Eta atzo bigarren eta azken etapa jokatu zen, Iruñeko udaletxean hasi eta Redinen despeditu zena (82,8 km), eta Ziako gainetik barna Sakanan sartu zena, Irurtzundik, Izurdiagatik eta Errotzetik, hain zuzen ere. 47 txirrindularik hartu zuten irteera, eta Ostiz parean sortu zen eguneko ihesaldia izan zena. Bertan Laia Puigdefábregas sartu zen, Nahia Imazen taldekidea, eta Puigdefábregas izan zen Redingo helmugara bakar-bakarrik iritsi zena (2:12:04), Ainara Albert valentziarrari 4 segundo ateraz. 2. etapa irabazteaz gain, Iruñeko Itzulia irabazi zuen Puigdefábregasek, Ainara Alberten eta Sandra Gutierrezen aurretik. Imazek ezin izan zuen etapa bukatu, baina bere taldeak, Nafarroa Ermitagañak, taldekako sailkapena irabazi zuen.