Udaldiaren bihotzean gaudenean, 5. olatuaren goiko bizkarrean gaudela dirudi. Bosgarrena! Eta hedabideek zabaltzen dituzten albisteetan nagusi bihurtu dira gazteak eta kale zurruta. Nonbait, pandemia honetan errudunik bada, horiek gazte zurruteroak dira! Gazte eta zurruteroentzat, polizia, isunak eta umiliazioa izaki berekoi eta arau hausle izateagatik. Ikaragarria!
Irakasle eskasaren baliabide eta xuripena ere, horixe izaten da, alegia, porrotaren errua beti ikaslearena: ikasle txarra da, eta ez du motibaziorik. A, ez? Ebaluatu al du norbaitek irakasle horrek darabilen irakasteko metodologia? Erabili ote ditu ikaslearen jakin-mina pizteko estrategiak? Irakaskuntza prozesuaren gidaria izanik, jarduketa sortzaileak, entretenigarriak eta aberasgarriak proposatzen ote ditu? Ikaslea entzuten eta aintzat hartzen ote du? Ala, modako marketina alde batera utzita, metodologia zurruna, gatzik gabea eta autoritarioa erabiltzen ote du?
Ez dakit zer emanen duen denborak, ez dakit noizbait norbaitek pandemiaren kudeaketaren liburu beltzik aterako ote duen. Hala ere, agintariak eta gizarte helduak, oro har, pandemiaz egiten ari garen kudeaketa etsigarria da. Nafarroan (eta estatuan), agintean dauden politikariek autoritarismoz eta inprobisazioz jokatzen ari dira, halako egoerak eskatzen duen batzorde tekniko ireki eta pluralik sortu gabe, eta kudeaketa haien boto estrategietara moldatuz. Oposizioko alderdiek, berriz, jarrera eraikitzaileak landu ordez, liskarra eta mokoka aritzea lehenesten dute, agintea eskuratzea beste helbururik gabe. Lidergo sendo eta sinesgarri baten lekuan, agintekeria eta gardentasun falta. Bestalde, gizarte helduari dagokionez, artalde modura jokatzen ari gara. Iritzi publikoa hedabide nagusietako tertuliakide lotsagabeek eratzen dute, sektarioa eta politizatua. Horrela, gizarte infantilizatu eta ardura gabea bihurturik gaude. Horixe eredua helduona!
Denboraren espazioan uztailak abuztuari tartea utzi behar dion honetan, Napoliko dekadentziatik Nafarroarekin konexioa egin zuen Tonino Carotoneren kopla marrantatua datorkit burura: “È un Mondo Difficile...”. Baina, gazteak ez dira errudunak!