Atzo, asteazkena, abiatu zen junior mailako gizonezkoen Iruñeko Itzulia. Hiru etapa izango ditu, eta atzokoa La Morea Merkataritza Gunean hasi eta Arangurenen despeditu zen. Etapa oso mugitua izan zen, ihesaldi saiakera askorekin. Arangurengo Gaineko hirugarren igoeran ihes egindako taldea eta tropela bera guztiz apurtu zen, eta 11 txirrindulari geratu ziren aurrean, tartean Quesos Albeniz-Burundako Mikel Unzilla etxarriarra. Baina helmugan Marc Rubirola kataluniarra (Terrassa) gailendu zen (1:54:03), eta etapa irabazteaz gain lidergoa lortu zuen. Mikel Unzilla 4. sailkatu zen, 4 segundora. Iruñeko Itzuliko lehen nafarra da.
Aipatzekoa da Unzillaren taldeak, Quesos Albeniz-Burunda taldeak, lan ikusgarria egin zuela eta talderik onena izan zela.
Gainontzeko sakandarrei dagokienez, Unai Garro (Sakana Group) 13. sailkatu zen, Hugo Aznar (Quesos Albeniz) 16., Ander Villalobos (Quesos Albeniz) 21., Aimar Tadeo (Sakana Group) 67., Aitor Ondarra (Sakana Group) 102., Jon Koldobika Urrusolo (Sakana Group) 110., Sergio Lopez (Quesos Albeniz) 114. eta Oihan Etxeberria (Quesos Albeniz) 115.
Gaur, Otsagiko etapa menditsua
Gaur 2. etapa dago jokoan, Otsagin hasi eta despedituko dena, etapa menditsu eta gogorra. Tartean 1. mailako Laza eta Las Coronas gainak gainditu beharko dituzte.