Uda Sakanan 2021

Gogoko tokia eta aldaparik ez

Guaixe 2021ko abu. 18a, 12:54

Resu Mendibe Mercero eta Teodora eta Castora Mozo Lizarraga ahizpak.

Resu Mendibe Mercero eta Teodora eta Castora Mozo Lizarraga ahizpekin San Andres ermitaren aldameneko aulkian bat egin dugu. Bista ederra dago handik. Hirukoteak beraien paseoen berri eman dute paisaiari begira.

Danok Bat elkartearen ondoan bat egin, karrika Nagusian aurrera egin, eta Dorraoko bidea hartu zuten Resu Mendibe Mercerok eta Teodora eta Castora Mozo Lizarraga ahizpak. Ehun metro eskasera duten San Andres ermita eta haren aldamenean dagoen aulkian eserita eman dituzte beraien paseoen berri. “Ahal dugun tokiraino” joaten direla azaldu du Resuk. Teodorak argitu duenez, “lehen urrutiraino joaten ginen, Dorraoraino ere. Baina orain ez, zahartu gara eta gertuago gelditzen gara”. Errekaraino edo “Dorraoko aldapatxoraino” joaten direla zehaztu du Castorak, “zelaiago dagoelako, ez dagoelako aldaparik. Eta hemen gehiago ibiltzen gara. Adinaren kontuak dira horiek. Gaztetan noranahi, eta, orain, ahal dugunera. Ez dago besterik”.  

Ibilaldiak nola egiten dituzten galdetuta, “Castora hemen baldin badago, gu biak gehienean elkarrekin ibiltzen gara” azaldu Teodorak, ahizpa kanpoan bizi baita. Resuk, berriz, bideari bakarrik heltzen dio, “edo, bestela, etxekoren batekin, alabaren batekin”. Unanun paseatzen ibiltzeko beste bide batzuk ere badaudela azaldu digute, “baina aldapa dago eta ez gara joaten haietatik”, argitu du Resuk. 

Teodorak azaldu duenez, “gizonak ere ibiltzen dira paseatzen, eta andreren batzuk ere bai. Egunero”. Horiek familiakoekin edo alabekin ibiltzen direla gaineratu du beste ahizpak. Herriko eskolako pareta ikutu eta Dorraora buelta egiten duen gizon bat ere ba omen dago. Resuk azaldu duenez, arratsaldeetan jende gehiago dago bidean. Eta han topo egiten dute dorrobarrekin eta lizarratar batzuekin ere bai. Bat egiten dutenean kontu kontari aritzen dira, “medikuak esaten du hitz egin beharra dagoela, eta, egin, egiten dugu hitza”, jakinarazi du Resuk. Castorak argitu duenez, “garai batean ez ginen inora joaten, eta hemengoekin, gertukoekin, ezkontzen ginen. Hala zen. Ez ginen inora ateratzen. Hemen edo hor, gertu”. Resuk gaineratu duenez, “orain aldatzen da, baina lehen ez”. Teodorak gogoratu du orduan ez zegoela ez autorik ez besterik, “bizikleta… zuenak!” ahizpak ondotik, “motor batean lau lagun joaten ginen agian eta”. 

Paseatzera arratsaldez ateratzen dira, etxeko lanak egin ondoren. Ahal duenak goizez ateratzen dela ere jakinarazi dute. Castorak azaldu duenez, “eguraldi txarrarekin ez gara ateratzen”. Halakoetan etxean gelditzen dira. Teodorak ziurtatu duenez, “orain ez du garai batean bezala elurrik egiten” eta eskuarekin metro erdi pasako altuera markatu du, “orain ez du egiten, pixka bat, eta kitto”. Resuk baieztatu duenez, “negu arinak joaten dira, lehengokoak bezalakoak ez”. 

Ibilaldiaren ondoren elkartean sartzen dira zerbait hartzera. “Elkartean, batez ere, gizakiak egoten dira. Emakumea ez hainbeste” argitu du Castorak, “ez garelako etortzen” erantzun diote. 

Beste aukerak
Teodorak plana proposatu du: “bidetik Dorraora, Dorraotik, dermiotik, horko soroen paretik, beste soro-bide bat dago eta handik gora Lizarragara joaten da”. Castorak azaldu duenez, lehen Leziza ubeldearen kontra errota zuten. “Errotatik joaten zen Dorraora, Lizarragara eta Unanura. Lizarragatik etortzen den bidea errotan lotzen da Unanurako bidearekin”. 


Beste aukera batzuk ere eman dituzte. Unanuko frontoitik aurrera Ondatzerako bidea, “leku polita da hori” zehaztu dute. Eta mendira. Beriain, jakina. “San Donatia jende asko igotzen da, Jesus!” esan du Castorak”. Resuk “hoixe!” Castorak gaineratu duenez, “egun batean 52 auto etorri zirela kontatu nituen”. Resuk esan duenez, “gidariek nolanahi uzten dituzte kotxeak, eta beno”.  Teodorak gaineratu duenez, “herritik ateratzen dituzte, herria baino beherago uzten dituzte. Bai jende asko, auto asko etortzen dira San Donatia”. 

Hirurek baieztatu dute Unanutik ikuspegi ederrak daudela, “gu altuenean gaude eta oso ongi dago” azaldu du Resuk. Castorak beste datu bat eman du: “neguan Unanu iluntzen den azken herria da. Lizarraga arratsalde erdirako ilunduta dago”. Abantaila baratze kontuetarako, azala belzteko… Horrekin barre egin dute, “ez dugu arropa hainbeste biltzen azala belzteko”. 

Baita paseoan ibiltzeko, neguan eguzkia ateratzen bada, tartea baliatu dezaketelako. “San Donati ondoan dugu eta eguzkiarekin, harekin konpontzen gaituk!” argitu du Teodorak. “San Donati malkor azpikoak gara eta etxarriarrek-eta esaten dute buru gogorrak garela”, azaldu du Resuk, “haiek, berriz, makurragoak”. Castorak argitu duenez, “baina gu beti ongi etorri gara etxarriarrekin. Haiek Unanura festetara, unenuarrak Etxarrira. Baina, Arbizu, gertuago dagoela…” Ahizpak gaineratu duenez, “Lakuntzarekin, ongi etorri, baina bakoitza bere etxean”.  

Unanutik Etxarrira Utzubarko basotik barna joaten ziren. Festetara joaten zirela gogoan du Teodorak. “Gaueko 12:00etan Etxarritik atera. Eta peleatu ere bai: mutikoak Arbizutik eta neskak Utzubartik. Eta ea zein lehenago ailegatu. Eta Utzubarkoak irabazi. Besteak buelta gehiago”, Castorak gogoan duen pasadizoa. “Baina banaka ez ginen etortzen, denak juntatuta”, beste ahizpak. “Gero hasi zitzaigun eramaten, taxista zen taberna zeukana. Eta gero kamioian eramaten gintuen. Denok igo, eta segi!”, azaldu du Resuk. Castora ezkondu zenean, elurra zegoen eta kamioian joan ziren Etxarrira. 

Lehengoaren aldean, orain etxe bakoitzean orain bizpahiru auto daudela jabetuak daude. “bakoitza bere etxean, bere gauzekin”. Kezka ere badute, herrian “jende asko bajatu da, gazte asko heldu da kanpora. Jende gutxi gara, garai batean asko ginen”. Etxe guztietan zortzi edo sei ume zeuden garai batean. “Orain kanpokoak heldu dira bizitzera”, hori ere nabari dute, “eta ari dira bertako pasierak ikasten. Ez dago besterik, ikasi beharra besterik ez”.