Jose Ignacio Lizarraga Artola dagoeneko hamabi urte eginda ditu jubilatuta, “eta handik geroztik, kasik egunero ibiltzen naiz. Egunero 18 bat kilometro. Eta egun askotan baita 40 ere”. Dorrobarrak azaldu duenez, “zahartzean beti ateratzen dira osasun arazoak, eta pixka bat zaintzeko. Ni ibiltzen naiz horrela oso ondo. Kilo batzuk kendu ditut eta…”
Bere joera da neguan, “jaitsi Unanutik Mundiño, Lakuntza, Etxarri Aranatz, Lizarraga eta Dorraora. Hori egiten dut gehienbat”. Ibilbide horren zergatiaz galdetuta, Lizarragak azaldu du “askotan mendira joaten gara ere. Unanuko bordetatik Goñiko gainetara atera eta handik, menditik, Lizarragako portutik, bidez bide, jaisten naiz herrira”. Azken ibilbide hori eguraldiaren arabera egiten du, “euria, elurra eta hotza egoten da, eta, orduan, beste bide batzuk hartzen ditut”. Lizarragak mendi aldera “batez ere, udaberrian jotzen dut. Onddoetara ere zaletasun handia dut, eta mendiak hemen leku nahiko onak ditu, eta hemen ibiltzen naiz”. Halako paseoekin “gustura” sentitzen da dorrobarra.
Mendira joaten denean “motxila eraman beharra dago”, gaineratu du, “zeren bidean jaso beharra dago. Agian bajonak izaten dira azukrearen aldetik, eta, badaezpada, probisioekin egin behar da hori”. Dermiotik ibiltzean Lakuntzan lehengo Xerrajeroen etxean edo Arbizuko Izarran badago kafe bat hartzeko aukera, eta, tira”. Ura eta beste zerbait beti eramaten ditu.
Lizarragak ibilaldi horiek “gehienean bakarrik” egiten ditu. “Bidean bakarren batekin beti juntatzen naiz. Artzainak-eta egoten diren tokiak badaude. Mendian azienda daukanekin, autoan doazela”. Dermioko bidean ibiltzen denean, “Lakuntza-eta, Arbizun-eta, bide horretan jende ezaguna egoten da”. Dorrobarra ez da hizketatzera gelditzen, bidean aurrera segitzen duela azaldu du. “Emaztearekin joaten banaiz, bera gelditzen bada bai, baina, bestenaz, nire bidean segitzeko ohitura dut. Egun ona eman, eta holaxe”. Baratzean lanik ez badu, gosaldu ondoren ateratzen da ibiltzera.
Askok esaten diote: ez haiz gelditzen! “Zer egin behar duk! Ni gustura ibiltzen naiz. Tira!” Egun askotan ibilbidea ere aldatzen duela jakinarazi du: “Lizarragako portura igotzen naiz, han bidea hartu eta San Adrian ermitaraino. Lizarraga jaisten naiz, eta buelta etxera”. Beste ibilbide proposamen bat ere eman du: “Dorraotik atera eta Aralarko santutegira joatea. Gainera, bidez bide joaten naiz buelta guztia. Lau orduz Dorraotik sartzen naiz hara”. Lizarragak ziurtatu duenez, “nahi duenak hemen bilatu, aukerak badaude ibiltzeko”.