Nexkixe eginda dauden sei iloben amiña da Martina Elso Luis, “baina oraindik ez dut amiña izan nahi… kar, kar, kar”. Horregatik, elkarrizketan zehar eskuetan izan du oinez ibiltzen denean erabiltzen duen makila, bukatu eta paseatzera ateratzeko. “Niri ibiltzea asko gustatzen zait, mugitzeko pixka bat. Herrietara joatea gustatzen zait, beste herrietako jendearekin egotea pixka bat, elkar ikusten badugu. Gustatzen zait beste herrietakoen berri jakitea, ea ongi dauden…”, aitortu du.
Frontoitik behera doan asfaltatutako bidea hartzen du gehienetan. Dorraora joateko errepideen bidegurutzean San Joan ermita dago, eta Elsok hura estimatzen du: “dorrobarrek oso ongi daukate aulki batzuk jartzeko. Han jartzen naiz, Dorraori begira. Gero, badakizu zein bista ditugun Lizarragatik! Eta Dorraotik eta Unanutik ere bai. Bista oso politak dauzkagu, eta han jarrita gustura egoten naiz”. Lagunekin egiten du paseoa Elsok. “Baina askotan bakarrik ere bai. Bakarrik joaten naizenean, San Joanen egoten naiz, lasai-lasai, gustura”. Argazkiak ateratzeko ere baliatzen ditu une horiek. “Lagunekin nagoenean buelta hori ematen dugu”.
Bakarren batekin bidean topo eginen duen ziurtasunarekin ateratzen da paseatzera lizarratarra. Dorraora eta Unanura jotzen du Elsok, “orain, Unanun jende gutxi ikusten dugu. Dorraon badaude andre bakarren batzuk, ateratzen direnak gu bezala paseatzera. Haiekin egoten gara pixka bat”. Herrikoak ere “asko ibiltzen” direla ziurtatu du Elsok. “Tarte bat gustura pasatzen dugu hizketan, herriko gauzak-eta… Gure gauzak, badakizu”. Dorrobarrak Lizarragaraino paseatzen joaten direla azaldu digu Elsok, “tabernan zerbait hartu, tarte batez egon eta buelta. Unenuarrak gutxi ateratzen dira”. Baina “COVID honekin ez dugu asko ere hitz egiten, gutxi; beldurrez, harrapatuko ote dugun”. Hizketan bidean egoten dira, bidean, zutik; “COVID honekin San Joanen ez gara jartzen”. Horregatik, musukoa beti aldean eramaten du.
Aldapak
Ergoienako beste bi herrietara joateko aldapa ederrak dituzte, “baina gustura ibiltzen garenez, eta presarik ez dugunez paseorako, gustura. Aldapa horiek pixka bat kostatzen zaizkigu, baina ohituta geunden”. Herritik atera eta aldapa igota, errepideko bidegurutzearen ondoan kalbarioko gurutzea dago. “Hara dorrobarrak joaten ziren. Lizarragan beste leku batera joaten zen, kalbarioetara. Orain ez dago. Ohitura hori akabatu da”.
Neguan 16:00etan ateratzen da. “Berotzen hasten denean 17:00etan. Udan 20:00etan edo 20:30ean, iluntze duenez hain berandu, ez zaigu inporta, afaldu eta paseatzera, lasai-lasai”. Neguan “ongi babestuta, baina ez dugu egunik uzten! Negu honetan elurrarekin ere joaten ginen Dorraora eta handik portuko iturri hartaraino, gero herrira jaisteko. Elur guztiarekin. Eta zein gustura! Gustura baina gustura! Zeinen buelta polita egiten genuen!” Aldapan gora trebatuta, zelaian azkar ibiliko direla esan eta Elsoren erantzuna: “azkar-azkar… gu baino azkarragoak badaude. Badakizu, urteak badoaz aurrera. Nekatzen gara. Pausotxo bat aurrera eta bi atzera, hala joaten gara. Hizketan, bitartean”.
Koronabirusak infektatu zuen Elso eta “orain ez naiz joaten, indarrik ez daukat, nekatu egiten naiz. Baina asko gustatzen zait Dorraora eta Unanura joatea”. Goizetan “batzuetan pixka bat” ibiltzen da Elso. “Pandemia honekin gutxiago ibiltzen naiz, eta goizetik pixka bat ateratzen naiz, eta arratsaldean beste pixka bat. Zeren gutxiago ibiltzen naiz”. Lizarragan San Martin ermita dute, “harantz ere joaten gara batzuetan. Oso polita da ere. Baina joera gehiago dugu beste alde honetara. Nolabait alde honetan bizi garen, alde honetara”.
Elkarren ezagutza ez dute bakarrik Ergoienako bideetan elkarrekin topo egitegatik, “pintura tailerrera Dorraora joaten ginen. Eta dorrobarrak Lizarragara gimnasia egitera etortzen ziren. Haiekin horrela asko ezagutzen dugu elkar”. Pandemiarekin ikastaro horiek bertan behera gelditu dira, “orain ez dugu ezer. Lizarragan gutxik eman genuen izena. Eta Dorraon hasi zen gimnasia. Nahi nuke pinturara joan, baina…”