Mugikortasun iraunkorraren aldeko hitzarmena sinatuta

Guaixe 2021ko uzt. 29a, 13:51

Berta Miranda Ordobas eta David Oroz Alonso mugikortasun iraunkorraren aldeko hitzarmena sinatzen. NAFARROAKO GOBERNUA

Lurralde Kohesio Departamentuak eta Sakanako Garapen Agentziak sinatutako hitzarmenak hainbat lan ildo ezartzen ditu: Sakanako mugikortasunaren diagnostikoa egitea, KudeaGo proiektu pilotua garatzea eta finantzaketa funtsak bilatzeko lurralde lankidetzarako Europako proiektu bat diseinatzea.

Sakanako Garapen Agentziako buru David Oroz Alonsok eta Lurralde Kohesirako Departamentuko Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren Zuzendari Nagusi Berta Miranda Ordobasek lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur. 40.000 euroko funtsa izanen du eta harekin Sakanan  mugikortasun iraunkorra bultzatzeko jarduerak eginen dira. 

Orozek azpimarratu duenez, “erronka Sakana osorako mugikortasun iraunkorreko eredu bat egitea da, Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean, eta, nola ez, guk hemen sortu ditugun tresnak balioetsiko ditugu: udalen arteko lankidetza, Sakanako Garapen Agentziaren lidergoa, Sakanako eragileen parte-hartzea eta Dinabide proiektuaren inplikazioa”. Orozek gaineratu duenez, “lankidetza horri esker, gure garapenerako ezinbestekoak diren bi esparru batuko ditugu: mugikortasuna eta jasangarritasuna".

Mirandak adierazi duenez, “mugikortasunaren alorrean benetako eraldaketa lortzea eta mugikortasun berderantz aurrera egiteko gai izatea funtsezkoa da Nafarroaren orainerako eta etorkizunerako. Administrazio guztiok batera lan egin behar dugu erronka hori lortzeko; izan ere, erronka hori erabakigarria da Sakanako biztanleak finkatzeko ". 

Lan-ildoak
Hitzarmenak berak azaltzen duenez, “mugikortasun seguru eta iraunkorrerako estrategiak funtsezkoak dira Nafarroako jarduera ekonomiko eta sozialaren funtzionamendurako". Horretarako, akordio horrek hainbat lan esparru jorratuko ditu: alde batetik, Sakanako mugikortasunaren diagnostikoa eginen da, eta hortik ondorioak aterako dira egin beharreko ekintzak zehazteko. Hortik sortuko da etorkizunean Sakanako Mugikortasun Iraunkorreko Plan Bateratua: eskualdeko udal guztien helburuak, irizpideak eta estrategiak bateratuko dira, automobilean oinarritutako egungo ereduaren erronkei erantzuteko.

Era berean, hitzarmenak ezartzen du KudeaGo proiektu pilotua sustatuko dela, sakandarren artean automobilezko ibilbideak partekatzea ahalbidetuko duen aplikazio bat garatzean datzana. Dinabiderekin lankidetzan eginen da, eta Sakana osoan ezartzeko plan bat eginen da. Proiektu aitzindari horren emaitzek beste eskualde eta ingurune geografiko batzuetan duen eragina eta erabilgarritasuna neurtzeko balioko dute.

Aldi berean, Sakanako mugikortasun zerbitzuak ematen dituzten eragileekin batera, eredu berri baten oinarriak eta lurralde lankidetzarako Europako proiektu bat eginen dira, datozen urteetan Sakanako mugikortasun jasangarria garatzen jarraitzeko finantzaketa funtsak bilatzeko.