Uda Sakanan 2021

"Guk gozatzen duguna bisitariei eskaini nahi diegu"

Erkuden Ruiz Barroso 2021ko abu. 3a, 13:46

Sakanan turismo iraunkor bat bultzatu nahi da, bisitarien eta bertan bizi diren herritarren arteko elkarbizitza bilatzen duena. Besteak beste, hori lortzeko lanean ari da Sakanako Garapen Agentzia. Paki Urbitarte Cabrera agentziaren turismo teknikaria da.

Sakanako Plan Estrategikoa aurrera ateratzea da Sakanako Garapen Agentziaren helburu nagusietako bat. Planaren barruan turismo sektorea dago, eta arlo horren baitan lan ildo batzuk markatu dituzte. "Plan Estrategikoan definitutako lan ildoak ekintzen bidez aurrera eramatea da gure helburu nagusietako bat", azaldu du Paqui Urbitarte Cabrera SGA-ren Turismo teknikariak. Besteak beste, Uharte Arakilen kokatuta dagoen Sakanako Trail Estazioa mustu dute, eta Donejakue bidearen Galtzada bidea aurkeztuko dute aurten, Xacobeo urtea izanda.

Zeintzuk dira SGA-ren turismo arloaren erronkak?
Turismo enpresen arteko elkarlana sustatzea, ahalik eta eragile gehien inplikatu proiektuetan, elkarlan proiektu horiek definitu eta aurreko urteetan lantzen ibili garen eta hasita ditugun hainbat proiektu plazaratzea. Horren eredu izan daitezke mustu berri den Sakanako Trail Estazioa, proiektu honetan eragileen arteko elkarlana nabarmendu beharra dago, Sakanako mendi lasterketa antolatzaile taldeekin elkarlanean eraiki da trail estazioa; edota prozesuan dagoen Donejakue bide ziklablea, aurten proiektu eraikitzailean egingo dena.

Zein da turismoaren egoera Sakanan?
Momentu honetan, kontuan hartuta pandemia egoeran gaudela, COVID-19aren eragina ukaezina da. Errealitatea da. Turismo enpresek jasan duten eta jasaten ari diren eragina ikusten da. Enpresa gehienak, izan diren murrizketak direlaeta, bertan behera utzitako erreserbek diru sarreretan eragina izan dute. Baina beraien gastu finkoak ordaintzen jarraitu behar izan dute. Orduan, egoera zaila da, baina aipatzekoa da ere, nahiz eta egoera zail batean egon, turismo enpresa berriak sortu direla. Batez ere ostatuak ireki dituzte. Kasu honetan erronka da lanpostu iraunkorrak izan daitezela, profesionalizazio maila altukoak eta jarraikortasuna izan dezatela bermatu.

Zergatik da garrantzitsua turismoa?
Turismoa garrantzitsua da, alde batetik, gure ondarea ezagutzera eman eta balioan jartzen lagundu dezakeelako; gure historia eta ondarea bisitariei ezagutzera emateko. Bestetik, lanpostuak sor ditzakeelako. Azpiegiturak ere sortzen dira turismoari esker. Bisitari horien profilen arabera eta haien beharren arabera, produktu turistikoak sor daitezke, eta aukerak sortu. Ondo egindako turismo iraunkor bat egiten bada eta ekonomian, bizi kalitatean eta ingurumenean inpaktu positiboa badu, garrantzitsua da.

Zein da ibarrean turismoa bultzatzearen helburua?
Helburua da turismoari lotutako edo sortzen diren lanpostu horiek iraunkorrak izatea, profesionalizazio maila handiarekin eta jarraikortasuna izango dutenak. Aurreko urtean hasi ginen eta aurten bigarren fasean egiten ari garen turismo sektorearen diagnosiarekin ari gara, eta ezagutzen genituen hainbat egoera azaldu dira: badaude hainbat turismo enpresa adin bateko jendeak kudeatzen dituenak, jubilaziotik gertu daudenak, eta belaunaldien arteko erreleborik gabe daudenak. Beste hainbat enpresek bigarren diru iturri dute beraien enpresa, eta profesionalizazio maila ez da hain altua. Horiek ez dira bakarrik Garapen Agentziaren helburuak; helburu orokorrak dira.

Zer nolako turismoa lortu nahi da?
Turismo iraunkorra bultzatu nahi da. Hemen sustatzen ari den turismo mota iraunkorra da. Bisitarien eta bertan bizi diren herritarren arteko elkarbizitza bilatzen duena, masifikaziorik gabea. Pandemia garaian, agian, ibilbideetako hainbat puntutan masifikazio apur bat ikusi da jendeak natura bilatzen zuelako, eta toki horiek zertxobait masifikatu dira. Baina orokorrean masifikazioa ekidin nahi da. Gure ondare naturala eta kulturala zaintzen duen turismoa. Baita ekarpen ekonomikoa sustatzen duen turismoa ere. Etortzen diren bisitariek bertan kontsumitu dezaten, ekarpen ekonomikoa eginez eta inpaktu ekonomikoa sortuz. Gure bizi kalitatearen eta ingurumenean inpaktu positiboa bilatuz.

Hori lortzeko, zer estrategia jarraitzen duzue?
Lantzen ari diren eta landuko diren proiektu guztiek parametro horiek eduki behar dituzte. Ingurunean masifikazio bat ekarriko duten proiektuak sustatzeak ez du lekurik. Dena oso orekatuta egon behar du. Sortuko diren produktuek irizpide horiek eduki behar dituzte: mugikortasunari lotutako proiektuak sustatzea herriak konektatuz modu iraunkor batean. Bizikletari lotutako produktuak, esaterako: Sakanako ibilbide ziklatua, oinez egiteko ibilbide sarea… Beste puntu garrantzitsu bat tokiko produktuak sustatzea da; balorean jartzea eta ezagutzera ematea. Hemen dauden ekoizle txikien produktuak ezagutzera ematea, eta erostera edo hemengo jatetxeetara dastatzera gonbidatzea. Ekarpen hori bilatzen da ere. Beraz, proiektu guztiek iraunkorrak izan behar dute bai bertakoendako bai ingurunearekiko, eta kalitatezko elkarbizitza sortzen dutenak.

"Donejakue bidea errealitate bat da, aurretik galtzada zegoen; ondarearen parte dira"

Nola prestatzen ari da Sakana turismorako?
Orain arte Sakanan izan ez diren azpiegitura turistikoak sortuz. Proiektuek hori bilatzen dute. Turismoari lotutakoak izan daitezke, Donejakue bidea berreskuratzea ibilbide bezala, gure ondarea eta historia ezagutzeko herriak konektatuz, Sakana ezagutzeko aukera ematen duen ibilbide ziklablea, mendian kirola egitea gustatzen zaienendako Trail Estazioa… Horiek ereduak izan daitezke. Proiektuak identifikatu, landu eta sortu.

TURISTAK
Zergatik etorri Sakanara?
Nabarmendu beharko genituzke batez ere Sakanaren ondare naturala eta kulturala. Anitza da, oso anitza. Sakandarrok gozatzen duguna, hemen bizi garenok gozatzen duguna, bisitariei eskaini. Ondare naturala, kirola naturan egiteko aukera, ibilbide sarearen bitartez gure ohiturak, historia eta abar ezagutzera eman… Gure kulturaren parte sentiarazi. Horregatik etorri behar da jendea Sakanara, hau dena ezagutzera. Ingurune zaindu bat aurkituko dute, herri biziak, biztanleak dituztenak eta mugimendua daukatenak. Baina, batez ere, gure ondarea.

Nondik dator jendea, eta zer bilatzen du?
Azkeneko datuak 2019koak dira, Aralarren jartzen dugun turismo informazio puntukoak. Aurreko urtean pandemiagatik itxita egon zenez, ez dugu daturik. Sakanara batez ere, eta ez da nobedade bat, Euskal Autonomia Erkidegokoen bisitak jasotzen ditugu. Katalunia, Madril, Valentzia… Espainiar estatuko hiriburu nagusietatik etortzen dira ere. Gure inguruneak erakarrita iristen dira gehienak, baita lasaitasunaren bila ere. Gure gastronomia, kirola naturan egiteko aukera hori…

GALTZADAKO BIDEA
Donejakue bidea berreskuratzeko lanetan ari zarete.
Bidea berreskuratzen ari gara, horretan gabiltza. 2016 urtean hasi ginen proiektu honetan lanean edo forma ematen. Agian orain bisualagoa da herrietan seinaleak ikusten direlako, baina mustutzea edo ezagutzera ematea oraindik ez dugu egin. Hori lantzen ari gara orain. Proiektu honi forma ematen jende askok parte hartu du. Sakanan Santiago bideari lotutako boluntario talde bat dago, eta beraien iniziatiba izan zen. Sakanatik pasatzen zen Santiago bidea berreskuratzeko ideia hortik sortu zen. Orduan, modu nahiko irekian egindako proiektu bat da. Mugikortasun aktibo eta iraunkorrari lotutako proiektua da ere. Sakanako herriak lotzeko modu seguru bat da, oinez edo ibilbide ziklablea.

Nolakoa da?
Hainbat irizpide kontuan hartu dira. Alde batetik, alde historikoa edo historikoki Donejakue bidea nondik pasatzen zen. Badakigu Astorga-Bordele galtzada erromatarra erabiltzen zutela erromesek. Beste parametro bat herriguneak lotzea izan da, herrietan inpaktu ekonomikoa sortzeko asmoz. Irizpide asko izan dira kontuan trazadura egiteko. Ez dugu bakarrik bisitariendako egin, sakandarrendako egin nahi izan dugu ere. Oso ibilbide polita da, oso atsegina eta Sakandarrei ezagutzen ez dituzten hainbat txoko eta leku izugarri ezagutaraziko dizkie. Sakanako ibilbide sarearen beste ibilbide bat da ere, kontzeptu historiko hori atzean duena.

Nondik nora doa?
Sakanako tartea Irurtzundik Ziordira doa. 45 bat kilometro dira, eta berez bi etapatan egiteko izango litzateke, baina hemengo norbaitek egin nahi badu, bere martxan egin dezake. Donejakue bidean kontuan izaten diren eguneko tarteen arabera, egunean 20 edo 25 kilometro egiten dira, eta bi egun izango lirateke: Irurtzun-Lakuntza eta Lakuntza-Ziordia, gutxi gorabehera. Nork bere martxa markatzen du.

Erlijiotik harago doan bidea da. Zer eskaintzen du?
Donejakue bidea errealitate bat da. Bere garaian, hemendik erromesak pasatzen ziren, eta beraiek iritsi aurretik galtzada bat zegoen: Astorga-Bordele galtzada erromatarra. Gure ondarearen parte da. Sakana betidanik izan da bidegurutzea. Bide asko pasatzen ziren hemendik. Orduan, bide edo trazadura hori gure ondarearen eta historiaren zati bat da, eta ezagutzeko aukera ematen digu Donejakue bideak. Egiarretako Santiago Itxasperriko baselizaren ondotik pasatzen da, Uharte Arakilgo Zamartze monasteriotik, Bakaikuko Santiago baselizatik eta abarretatik. Horiek dira mugarri ezagunenetarikoak. Baina herriak lotzen ditu ere. Bakaiku, Iturmendi eta Urdiain bezalako herrigune tradizionalak. Harrizk etxe handiak ikusteko aukera ematen du. Edo herrigune handiagoak, Irurtzun, Etxarri Aranatz, Altsasu eta Olazti bezalakoak, komertzioa dutenak. Aukera anitzak eskaintzen ditu, erabiltzailearen interesen araberakoak. Zerbitzu asko daude ere: ostatuak, jatetxeak… Gaur egun Donejakue bidea egiten dutenek motibazio asko dituzte: erlijiosoak, aisia, turismoa, tokiak ezagutu… Aipatu behar dut momentuz ez dugula mustutze ofizialik egin. Ibilbidea balizatu dugu, eta uda amaiera aldera ibilbidea ezagutzeko ekimenak antolatuko ditugu. Egitaraua erabat lotutakoan jakinaraziko dugu. Berreskuratzen gabiltza, eta horretan gaude. Aurten, gainera, urte berezia da Xacobeo delako. Bi urte jarraian izango dira, eta baliatu nahi dugu egitaraua egiteko. Santiagori lotutako produktu turistikoa lantzeko eta ezagutzera emateko. Galtzadako bidea deitu dugu, aukera ugariren artean hausnartu ondoren. Nahiz eta orain bisualki galtzada ez ikusi, erromesak galtzadatik pasatzen zirenez, aitortza hori egin nahi izan dugu.