Uda Sakanan 2021

Herriaren mugimendua

Erkuden Ruiz Barroso 2021ko abu. 11a, 13:03

Zortzi gaztek osatzen dute Txoripanak dantza taldea. Etxarrenen sortu zen, eta bertan egiten dituzte entseguak, aire zabalean edo frontoian, eguraldiaren arabera

Etxarrengo plazatik pasatzean sorpresa handia hartzen dute bertakoek eta bisitariek: Txoripanak dantza taldearen emanaldia ikusteko aukera dute. Entseguak herriko plazan, parkean edo frontoian egiten dituzte, eguraldiaren arabera, eta dagoeneko etxarrendarrak ohituta dauden arren, kanpotik etortzen direnek hasieran kuriositatez begiratzen dute. Emanaldi berezia ikustera gelditzen direnak ere badira.

Elisa Vicente, Maialen Guajan, Leyre Zudaire, Paula Zudaire, Haizea Guajan, Judith Guajan, Nahia Iribarren eta Olaia Zabaleta etxarrendarrek osatzen dute Txoripanak taldea. Helduenak 20 urte ditu, eta gazteenak 9 urte. 13, 16 eta 17 urteko dantzariak daude. Oso gazteak dira. Txoripanak izena kasualitatez sortu zen: "Lagun bat herrira etortzen zen, eta "ai, nire txoripana!" deitzen zidan. Lehenengo aldiz emanaldia egin behar genuenean esan ziguten taldearen izena behar zutela, eta Txoripanak atera zen. Ez genekien zer izen jarri. Hori jarri genion, eta horrela gelditu da".

Taldea 2016. urtean sortu zuten. "Hasieran ez ginen taldekide hauek. Maialen eta biak geunden, beste bi lagunekin batera. Duela bi urte txikienak sartu ziren, eta azkenak Paula eta Leire", azaldu du Elisak. Maialenen etxean bideoak ikusten hasi zen dena: "Esan genuen: goazen koreografia hori kopiatzera!". Ondoren, ikasitako koreografia hori kalean entseatzen hasi ziren, "Olaiaren aitak ikusi gintuen, eta festetan dantzatzea proposatu zuen". Animatu ziren, eta horrela hasi ziren Etxarrengo festetan dantzatzen. Ordutik urtero dantzatzen dute festetan. Aurten, festak bertan behera gelditu diren arren, Txoripanak taldeak emanaldia eskaini zuen uztailaren 31n Etxarrenen.

Youtubeko bideoak ikusten eta kopiatzen hasi ziren, eta denborarekin estilo propioa garatzen joan ziren Txoripanak taldeko dantzariak. Gaur egun, Maialen eta Elisa Iruñeko dantza eskola batera joaten dira, eta taldeko irakasleak edo koreografoak dira. Denak batera dantzatzen dute, baina hiru talde osatzen dituzte ere: hiru txikienek talde bat osatzen dute, ertainak deitzen dituztenek beste bat, eta handiek beste bat.

Dantza
Dantza modernoa egiten dute. "hip hopa dela esaten dugu". House, waacking eta abar gaineratu du Nahiak: "Irratian ateratzen diren abestiak hartzen ditugu". Hortaz, pop musika erabili ohi dute, "dantzatzeko errazagoa delako", Elisak azaldu duenez. Baina azken aldian rock musikarekin "esperimentatzen" aritu dira, eta Mäneskin talde italiarraren musikarekin koreografiak egin dituzte. "Ez da erraza, baina lortu dugu". Guztira, taldearen zazpi abestirekin egin dituzte dantzak. Taldekideen musika eta koreografia gustukoen artean talde italiarraren abestiak daude ere: Zitti E Buoni Eurovision lehiaketako irabazlea, Beggin, For your love eta Are you ready? Bestetik, Comme d’habitude, Euphoria edo Isla Bonita bezalako klasikoak dantzatzea gustatzen zaie ere.

Entseguak herriko plazan, parkean edo frontoian egiten dituzte

Egunero entseatzen ikusteko aukera dago. Gutxi gorabehera zazpi ordu entseatzen dute uda garaian oporretan daudenean. Ikasturtean zehar klasean daudelako, bestela dantzan egonen ziren ere. Plazan, parkean eta frontoian entrenatzen dira, goizez bi ordu eta arratsaldez bost gutxi gorabehera. Haien artean hitz egiteko baliatzen dituzte entseguak ere. "Batzuk dantzatzen diren bitartean, besteak hitz egiten egoten dira". Etxarrendarrak ohituta daude, eta kanpotik etortzen direnek ikusten dituztenean begiratzen dutela azaldu dute, "eta batzuk entsegua ikustera gelditzen dira ere".

Pasioa
Bederatzi urterekin, Nahia Txoripanak taldeko txikiena da. "Ikusten genituen dantzatzen, eta guri ere gustatzen zitzaigun. Orduan, hasi ginen dantzatzen. Ez naiz ongi gogoratzen nola sartu nintzen". Oso gustura aritzen dira, asko gustatzen zaie dantza egitea, eta taldean jarraituko dute. Entseguak ikusten "eserita" egoten zirela esan du Elisak, "eta eserita egoteko, etorri dantzatzera!". Nahiko lukete jende gehiago egotea: "Herrian jendea badago, eta dantzatzen duten txikiak ere bai. Taldean sartzeko esaten diegu".

Etxarrengo festetan Txoripanak dantza taldearen emanaldia ezinbesteko bat da, eta Olentzero egunean ere emanaldia egiten dutela esan dute dantzariek. "He men Etxarrenen festa pila bat ditugu. Edozein egunetan barbakoa eginen dugula esan eta… festa!". Horietan ere ikuskizuna egiten dute. Arakildik ere atera dira, eta Etxarri Aranazko eta Altsasuko play back lehiaketetan parte hartu dute, "eta beti irabazi dugu", esan du Maialenek. Lehenengo aldian espektazioarekin hartu zituzten, "bigarrenean ja begiratzen ziguten pentsatuz: hauek berriro?". Egiarretako festetan emanaldia egin behar zuten, "baina koronabirusarekin…". Pandemia bukatzean play back lehiaketetan parte hartzen jarraituko dutela aurreikusten dute, baita beste batzuetara zabalduko dira. "Frontoian pilotan jokatzen aritzen diren batzuek esan ziguten ea zergatik ez garen Got Talent saiora aurkezten eta, zergatik ez?". Entrenamendu gehiago beharko dituztela esan du Elisak. Baina horrelakoetara aurkezteko ilusioa dute. Jendea gehiagorengana iritsi nahi dute. "Hemen jendeak ikusten gaitu, herrikoek ezagutzen gaituzte, baina telebistara joatea mundiala izanen litzateke".

Txoripanak taldearen emanaldiak musikaletatik gertu daudela azaldu du Elisak. “Ez dugu abesten, baina play backaren antzeko zerbait egiten dugu”. Ordu erdi inguru irauten dute, eta ikuskizunean behar dituzten elementuak haiek egiten dituzte ere, esaterako, jantziak. “Nire bajeran ez dira gehiago sartzen”. Momentuz, Instagram sare sozialean daude, baina Tik Tok kontua egitea pentsatu dute ere.