Hondakinen kudeaketa hobetzeko bilera

Guaixe 2021ko abu. 16a, 09:57

David Oroz Alonso, Itziar Gomez Perez kontseilaria eta Mendialdea eta Araxes Garaiko mankomunitatekoak Utzubar EKO Guneko konpost planan. NAFARROAKO GOBERNUA

2022rako aurreikusitako Hondakin Planaren etorkizuneko berrikuspena eginen da eta hari begira Nafarroako Gobernua mankomunitateekin bilerak egiten ari  da. 

Sakanako Mankomunitateko lehendakari David Oroz Alonso Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilari Itziar Gomez Lopezekin bildu zen joan den asteazkenean. Ibarrean etxeko hondakinen bilketaz arduratzen da Mank eta zerbitzu horren egungo berri eman zion Orozek Gomezi. Horrekin batera, Hondakin Bilketa Zerbitzuko arazoen eta beharren berri ere eman zion Mank-eko buruak kontseilariari. 

Nafarroako Gobernuak 2022rako aurreikusi du 2017-2027rako Nafarroako Hondakinen Planaren berrikuspena. Planean jasoa dagoenez, heldu den urtean haren ebaluazio eta berrikuspen bat eginen da, “hartutako neurrien eraginkortasuna eta emaitzak" aztertzeko. Arbizun egindako bileran Orozez aparte, Mendialdea eta Araxes Garaiko mankomunitateetako kideak izan ziren. 

Errealitate desberdinak eta gai nagusiak
Kontseilariak adierazi duenez, Nafarroako mankomunitateen artea “oso errealitate desberdinak daude, bai biztanleriari, bai geografia banaketari eta hondakinen sorkuntzari berari dagokienez, bai kudeaketa-ereduei dagokienez”. Hori dela eta, “errealitate konplexu eta askotariko horrek oso tresna argiak behar ditu, alde batetik, araudia bete ahal izateko, eta, bestetik, bere kudeaketan arrakasta izateko; baina, horrez gain, laguntza eta kargak modu orekatuan banatu behar ditu, bakoitzaren zehaztasuna errespetatuko duena, eta etxeko hondakinen kudeaketa bezalako funtsezko zerbitzu bat aurrera eramaten lagunduko diona”.

Mankomunitateetako eta gobernuko ordezkariek beharrezkoak jotzen dituzte, lehenik eta behin, herritarrak etengabe sentsibilizatu eta informatu beharra dagoela, eta, horretarako, prebentzioa eta murrizketa oinarrizko zutabeak direla azpimarratu da, eta beharrezkoa den banantzearen eta objektuak eta materialak gehiago berrerabiltzearen mezua indartu da.

Gainera, bestelako gaiak premiazko jotzen dituzte: gai organikoak erabat eta behar bezala kudeatu beharra; finantzabide berriei buruzko informazio eguneratua eta zuzena, hala nola Next Generation funtsei buruzkoa; Hondakinen Funtsa banatzeko lehen ekitaldien balorazioa; eta Hondakinen Foru Legean aurreikusitako Nafarroako Hondakinen Erakunde Publikoaren bidez gobernantza bateratua izateko beharra.