PILOTA

Zabaleta eta Olaizola II.a finalerdietan, Urrutikoetxea eta Martija Play-offetan eta Ezkurdia eta Imaz aukerarik gabe

Guaixe 2021ko abu. 30a, 10:47
Ezkurdiak ezin izan zuen Olaizolaren kontra. PABLO VIÑAS

Asteburuan Masters CaixaBank Torneoko 7. eta azken jardunaldia jokatu zen. Olaizolak eta Zabaletak 22 eta 16 irabazi zieten Ezkurdiari eta Imazi eta Elezkano II.ak eta Mariezkurrena II.ak 9 tantotan utzi zituzten Urrutikoetxea eta Martija ordezkatu zuen Bikuña

Masters CaixaBank udako pilota torneoa finalerdietan sartuko da aurki. Asteburu honetan hasierako ligaxkako 7. eta azken jardunaldia jokatu zen eta zuzenean finalerdietara eta finalerdietara sailkatzeko play-offetara zein bikote sailkatu diren erabaki zen. 

Gure pilotariei dagokienez, Olaizolak eta Zabaletak bikain jokatu zuten eta 22 eta 16 gainditu zituzten Ezkurdia eta Imaz. Olaizola eta Zabaleta sailkapenean bigarrenak direnez, zuzenean sailkatu dira finalerdietarako. Ezkurdia eta Imaz, aldiz, 2 garaipenekin, 7. sailkatu dira eta ezin izan dira play-offetarako sailkatu. Beraz, agur esan diote txapelketari. 

Bestalde, Urrutikoetxeak eta Martija ordezkatu zuten Bikuñak 9 eta 22 galdu zuten Elezkano II.aren eta Mariezkurrena II.aren kontra. Hala ere, sailkapenean 6. sailkatu dira Urrutikoetxea eta Martija, eta finalerdietara sailkatu ahal izateko play-offetarako sailkatu dira. 

Masters CaixaBank Torneoko hasierako ligaxkako sailkapenean Peña II.a eta Rezusta izan dira finenak, 6 garaipenekin. Haien atzetik Olaizola II.a eta Zabaleta sailkatu dira, 4 garaipenekin. Bi bikoek finalerdiak jokatzeko txartela lortu dute. Aldiz, 3. eta 6. postuen artean sailkatu diren Etxeberria-Albisu, Altuna-Aranguren, Elezkano-Mariezkurrena eta Urrutikoetxea-Martija bikoteek asteburu honetan Play-offak jokatu beharko dituzte. Esan b ezala, 7. postuan sailkatu diren Ezkurdia-Imaz txapelketatik kanpo geratu dira, 8. postuan sailkatu diren Jaka-Tolosa bikotea bezala.