Mendi lasterketak

Tritoiena Imanol Goñirendako

Guaixe 2021ko abu. 30a, 14:15

Natxituako korrikalariak minutu bat eta 28 segundo atera zizkion Beñat Katarain lakuntzarrari. Emakumezkoetan Oihana Zubillaga anoetarra gailendu zen

Arbizuko Kanpinak eta Dantzaleku Sakana Atletismo Klubak antolatuta, atzo, igandea, jokatu zen V. Tritoiena Traila, 20,6 kilometro eta 1.053 metroko desnibel positiboa duen lasterketa ederra, Beriain ardatz duena. Lasterketa Nafarroako Mendi Lasterketen Zirkuiturako puntuagarria zen, eta pandemiak eskatutako osasun arauak jarraituz antolakuntzak prestatutako 200 tokiak aspaldi agortu ziren. 

Egun aparta izan zen atzokoa lasterkarako. Kanpinetik aterata, Ondatz eta Unanu gaindituta, Beriain igotzeko lanari ekin zioten korrikalariek. Ibilbidean zale dezente pilatu ziren korrikalariak animatzera. Uharte Arakilgo portutik jaitsi ziren, baina portu erdian Unanu aldera egin zuten, Ondatz gainetik Arnatzera sartu eta hortik Arbizuko kanpineko helmugara heltzeko.

Natxituako Imanol Goñik eta Lakuntzako Beñat Katarainek, Euskal Selekzioko kideak, lehia gogorra izan zuten, baina azkenean Imanol Goñi gailendu zen, helmugara ordu eta hiru laurdenetan iritsiz (1:45:58). Beñat Katarain minutu eta 28ra sartu zen (1:47:26). Sestaoko Hodei Samaniego izan zen hirugarrena (1:48:03). Emakumezkoetan Anoetako Oihana Zubillaga (2:15:18) gailendu zitzaion Iruñeko Salinasko Izaskun Sanz beteranoari (2:18:20).

Argazkiak: Miren Arregi.