Txirrindularitza

Roglic-i erasotzea, Imanol Erbitiren Movistarren egitekoa

Guaixe 2021ko abu. 31a, 11:20
Imanol Erbiti, igandeko etapan, tropelean. Atzo atseden jardunaldia izan zuen Vueltak, eta gaur 16. etapa jokatuko da. PHOTO GOMEZ SPORT

Vueltako maillot gorriko lehia puri-purian dago, eta azken aste honetan Roglic faborito nagusia astintzea helburu dutela berretsi du Hiriberriko txirrindulariak

Espainiako Vuelta hirugarren eta azken astean sartu da. Oraindik ez da ezer erabaki. Odd Christian (Intermache) da lider, baina 54 segundora Guillaume Martin (Cofidis) du, 1:36ra Primoz Roglic (Jumbo) faborito nagusia, 2:11ra Enric Mas eta 3:04ra Miguel Angel Lopez, biak Movistar Team taldekoak. Beraz, Vuelta zabal zabalik dago eta maillot gorria lortzeko lehia oso estua espero da. 

Primoz Roglic faborito nagusiari erasotzea, hori izango da Movistar Team taldearen helburua. Hala adierazi du talde urdineko Imanol Erbiti txirrindulari sakandarrak. Hiriberrikoak nabarmendu duenez, esloveniarrak nola erantzuten duen, hori izango da gakoa. Taldeak bi aste hauetan “oso ongi lan egin duela” nabarmendu du Hiriberrikoak, eta Enric Mas bere liderra “oso ongi errekuperatzen den txirrindularia” dela azpimarratu du. 

Hiriberrikoaren ustez, ostegunean Gamoniteiru gainean despeditu den etapa oso erabakigarria izanen da, eta azken etapak, Santiagon despedituko den 33,8 kilometroko erlojupekoak, denborak finkatuko dituela. 

Gorka Izagirre
Bi sakandar ari dira Vueltan, Imanol Erbiti eta Astana taldeko Gorka Izagirre. Gorka Izagirre 26. postuan dago, eta Imanol Erbiti 76. postuan. Vlasov liderrari laguntzea (11. postuan dago sailkapenean) eta, aukerarik izanez gero, etapa garaipenarengatik borrokatzea dira Izagirreren helburuak.

Jorge Azanzaren Euskadi, aurrean
Jorge Azanzak zuzentzen duen Euskaltel-Euskadi taldea ere lan txukuna ari da egiten Espainiako Vueltan. Oraindik ez dute garaipenik lortu, baina aurrean ikusten zaie ia egunero.