Badira egun batzuk Arnas Dezagun deitzen den guraso talde batek nolabaiteko poztasuna sortu zidana. Ez "Ez sakabanatu eskolan haur euskal hiztunak!" artikuluan idazten zutena berria zelako edo harritu ninduelako, guztiz identifikatua sentitu nintzelako baizik.
Bikotekidea eta biok Altsasuko eta Bakaikuko euskaldunak gara (euskaradunak, hau ere esplikatu behar omen da eta), gure seme-alabak ere bai, noski, eta euskaraz bizi nahi dugu, atrebentzia ez bada.
Ez genuen uste Sakanan zailtasun berezirik izango genuenik horretarako. D eredua da nagusi Sakanako ikastetxeetan (publiko zein itunpekoetan), halere, bada oraindik A ereduan dabilen gutxiengo bat. Hau horrela, guztia alde genuela zirudien.
Eskualdeko ikastetxe publikoetan, Haur eta Lehen Hezkuntza eskola txiki edo gertuko eskoletan izaten da. Gure kasuan, umeak Etxarri Aranazko San Donato ikastetxe publikoan izan ziren, eta hirugarrena ere bertan da. Eskolak, irakasle taldeak alegia, bereak eta bi borrokatu zituen A eredua desager zedin; erdaldunak euskalduntzen izugarrizko lana egin zuten; aisialdia euskaraz bultzatu zen (egun gauzak okerrera egin du arlo honetan) eta atsedenaldian umeak euskaraz ari zitezen programa ugari zituzten (jolas bideratuak, txartel jokoak,…) Iritsi da baina, institutura joateko unea.
Taldeak egiteko garaian, institutuko orientatzailea ikastetxe bakoitzarekin harremanetan jartzen da, eta ikasleen arteko harremanen eta bestelakoen informazioa elkarbanatzen dute. Horren arabera, taldeak osatzen dituzte... Baina euskararen erabilera ez da taldeak osatzeko unean irizpidetzat hartzen. Eta ondorioak halakoxeak dira. Gure alabaren kasuan, D ereduan matrikulatuta egon arren, hizkuntza ohiturak guztiz aldatu ziren. Institutuan eta kalean solasaldi guztiak gaztelaniaz egiten zituen, etxean ere gaztelania erabiltzen hasi zen… Desastrea.
Esperantzara kondenatuak gaudela dio Garik, eta hori izango da akaso, baina argi izpi bat ikusi dut alabarengan azkenean. Institututik kanpo jada, 16 urterekin, Etxarriko eskola garaiko lagunekin euskaraz hitz egiteko ohiturari eusten dio, ikastetxe hura harendako arnasgune ederra izan zelako. Altsasuko Institutuan ez zuen aukera hori izan, bertan sortu ziren harremanak gaztelaniaz sortu ziren eta hala jarraitzen dute izaten, erdaraz.
Gurea adibide bat besterik ez da, ezagutzen ditut gehiago nire inguruan eta Euskal Herri zabalean horrelako makina bat izango dira ziur.
"Eskolak ezin du dena egin" haurrak euskalduntzeko garaian, ados nago, baina eskola ezin daiteke izan haur euskaldunak erdaldun bilakatzeko gune. Alde ederra ikusi nuen nik Etxarriko eskolaren eta Altsasuko institutuaren artean horretan, tamalez.
Gure seme-alabek euskaraz naturaltasunez eta eroso egiteko aukera izan dezaten baldintzak sortu behar dira ikastetxeetan, deitu arnasgune, arigune edo deitu nahi bezala. Horretarako, gure etxean, gure herrian, eskubidea daukagu.