Frutagintza ekologikoan sakontzeko ikastaroa

Guaixe 2021ko abu. 31a, 14:58

Sakanako Agroekologia Eskolak Egiarretan egindako txertaketa tailerra. ARTXIBOA

Izurdiagako elkartean, larunbatean, 09:30etik 14:30era eta 16:30etik 18:30era. 

Arakilgo Udalak Udako zaintza frutagintza ekologikoan ikastaroa antolatu du larunbaterako. Carlos Gilek emanen du ikastaroa. Goizean teoria eta praktika uztartuko dituzte. Lurra, ongarria, udako inausketa eta txertatzeak izanen dituzte hizpide. Arratsaldean, berriz, Arakilgo aranondoen txertaketa eginen dute. Horregatik, ikastaroko parte hartzaileei zorroztutako labana eramateko eskatu diete. Txertatutako aranondoak Arakilgo Zaintza Sareko kideen artean banatuko dituzte.

Izan ere, Arakilgo Udala garatzen ari den Bertako haziak-semillas de biodiversidad proiektuaren baitan kokatzen da ikastaroa. Ibarreko nekazaritzako hainbat landare barietate mota identifikatu dituzte, eta haien jarraipena bermatzeko eta sustatzeko arakildarren artean sarea osatu dute. 

Ikastaroan izena emateko 634 584 226 edo 948 500 101 telefonoetara hots egin daiteke, www.arakil.net webgunearen bidez edo arakilkultura@gmail.com edo info@arakil.net e-posta helbideetara idatzi. Izena emateko epea ostegunean despedituko da. Arakilgo Udalarekin batera antolaketan Sakanako Garapen Agentzia, Arrea elkartea eta Nafarroako Gobernua daude.