Txirrindularitza

Sufrikario latza Covadongako Lakuetan

Guaixe 2021ko ira. 2a, 10:05

Astanakoak, ahalegin betean. LAVUELTA

Movistar Team taldeak ezin izan zion erantzun Egan Bernalek eta Primoz Roglic-en jotako erasoari eta maillot gorriaren borrokan taldeak aukera ederra galdu zuen. Erbiti 38 minutura sartu zen eta Gorka Izagirre (Astana) 11 minutura. 

Etapa ikusgarria izan zen atzo Espainiako Vueltak Covadongako lakuetan eskaini zuena. Mendiko etapa ikusgarria, zaletasuna sortzen dutenetakoa. Primoz Roglic-ek (Jumbo) eta Egan Bernalek (Ineos) sekulako ikuskizuna eskaini zuten, eta euriak are epikoagoa egin zuen Roglic-en garaipena. Esloveniarrak maillot gorria sendo heldu du, eta hura janzteko aukera paregabea alferrik galdu zuen  Imanol Erbiti arakildarraren Movistar Team taldeak. Gaur Vueltako mendi etapa nagusia jokatuko da, Gamoniteiru gainean despedituko dena

Covadongako Lakuak ezinbestekoak dira Espainiako Vueltan. Eta argi dago zergatik, beti ikusgarritasuna ekartzen baitute. Eta horri lainoa, euria eta eskalatzaileen eraso ikusgarriak gaineratuta, bingo! Helmugarako 61 kilometroren faltan Egan Bernalek erasoa jo zuen. Roglic-ek ez zuen bere atzetik joatea behar, La Collada Llomena portu gogorrean bere taldeaz ongi babestua baitzegoen, baina kolonbiarraren atzetik atera zen eta sekulako ikuskizuna eskaini zuen. Bernalen atzetik euriagatik oso arriskutsua zegoen portua jaisteko arriskua bere gain hartu zuen, eta tropeleko txirrindulari indartsuena dela argi eta garbi utzi zuen. Bakar bakarrik iritsi zen helmugara, eta 1:35eko aldea atera zion atzean zuen taldeari, Miguel Angel Lopez (Movistar), Enric Mas (Movistar), Egan Bernal (Ineos) eta Adam Yates (Ineos) faboritoak tartean zeudela. 

Aipatzekoa da Movistar Team taldeak akats nabarmena egin zuela, Bernalek eta Roglicek aurrera egin zutenean Mas eta Lopez ez baitziren euren atzetik atera. Sufrikario ederra izan zen biendako, 1:35 minutuko tartea galdu baitzuten liderrarekiko. Imanol Erbiti 38 minutura sartu zen, eta Gorka Izagirre (Astana) 11 minutura. Astana taldearendako ere egun gogorra izan zen, Luis Leon Sanchez galtzeaz gain, Vlasov liderrak eroriko latza izan zuelako.

Gaur Gamoniteiruk erabakiko du
Imanol Erbitik esana du, gaur Gamoniteiru gainean despedituko den etapa erabakigarriena izango dela. Lehen mailako San Llaurienzu eta La Cobertoria portuen ondoren, 2. mailako La Segá portua gainditu eta jaitsiera honen ondoren, maila bereziko Gamoniteiru gainean despedituko da Vueltako 18. etapa. Roglic-en agintea jokoan jartzeko azkeneko aukera dute eskalatzaileek, azken eguneko erlojupekoa kontuan hartu gabe. Beraz, ikuskizun handia espero da.