Mendi lasterketak

Tritoiena Trailean gozatu ederra hartu zuten korrikalariek

Guaixe 2021ko ira. 6a, 12:00

Tritoienako lehen hiru sailkatuak. Ezkerretik eskuinera, Hodei Samaniego, Imanol Goñi eta Beñat Katarain.

Imanol Goñi eta Oihana Zubillaga gailendu ziren Arbizuko kanpinak eta Dantzaleku Sakana Atletismo Klubak Beriain ardatz hartuta antolatutako mendi lasterketan. Asko disfrutatu zutela aitortu zuten korrikalariek

Arbizuko Kanpinak eta Dantzaleku Sakana Atletismo Klubak antolatuta, aurreko igandean, agorrilaren 29an, jokatu zen V. Tritoiena Traila. Tritoiena egun borobila izan zela aipatu dute Dantzaleku Sakana Atletismo Klubekoak. Pandemiak eskatutako osasun arauak jarraituz antolakuntzak prestatutako 200 tokiak aspaldi agortu ziren. Mendi korrikalariak Arbizuko ekokanpinean gogotsu zeuden probak zituen 20,6 kilometro eta 1.053 metroko desnibel positiboari ekiteko, eta hasieratik bizi-bizi hasi zen Nafarroako Mendi Lasterketen Zirkuiturako puntuagarria zen proba. 

Igandekoa egun aparta izan zen lasterkarako. Elegantea. Hasieran frexko, gerora epeldu zuen, baina ez zuen gehiegi berotu. Aurpegi ezagunak zeuden korrikalarien artean. Kanpinetik aterata, Ondatz eta Unanu gaindituta, Beriain igotzeko lanari ekin zioten korrikalariek. Ibilbidean zale dezente pilatu ziren korrikalariak animatzera. Uharte Arakilgo portutik jaitsi ziren, baina portu erdian Unanu aldera egin zuten, Ondatz gainetik Arnatzera sartu eta hortik Arbizuko kanpineko helmugara heltzeko. 149 korrikalarik lortu zuten proba despeditzea. 

Natxituako Imanol Goñik eta Lakuntzako Beñat Katarainek, Euskal Selekzioko kideak, lehia gogorra izan zuten, baina azkenean Imanol Goñi gailendu zen, helmugara ordu eta hiru laurdenetan iritsiz (1:45:58). Hasieratik erritmo gogorra ezarri zuen Goñik, igoeran arerioei aldea ateratzeko asmoz. Laugarren sailkatutako Aitor Blanco, Hodei Samaniego eta Beñat Katarain gertu izan zituen, baina aldeari eustea lortu zuen. Lasterketaren edertasuna nabarmendu zuen Goñik, eta “izugarri disfrutatu zuela” azpimarratu zuen. “Ikuspegiez, mendiaz, altuera sentsazioaz… asko disfrutatu dut” adierazi zuen. Beñat Katarain minutu eta 28ra sartu zen (1:47:26). Sestaoko Hodei Samaniego izan zen hirugarrena (1:48:03). 

Emakumezkoetan, Anoetako Oihana Zubillaga (2:15:18) gailendu zitzaion Iruñeko Salinasko Izaskun Sanz beteranoari (2:18:20). Ana Reina lesakarra hirugarren sailkatu zen (2:28:56). Aurten ez zen emakume sakandarrik aritu. 

Giro ona eta korrikalariak, pozik
Dantzaleku Sakanak Tritoienako balorazio ona egin du. “Sekulako giroa egon zen eta primerako eguraldia egin zuen. Hiru anbulantzia eta 2 mediku egon ziren proba jarraitzen, eta ez zen ezbeharrik gertatu, ohiko urradurak ezin ezik. Ibilbidea ederra da, eta korrikalariak oso pozik zeuden, antolakuntzarekin eskertuta. Egun bikaina izan zen” azaldu du Dantzaleku Sakana Atletismo Klubeko Peio Bergarak. 


Sakandarrak V. Tritoiena Trailean
1.Imanol Goñi 1:45:58
2.Beñat Katarain 1:47:26
36.Ioseba Iza 2:10:55
40.Ander Iraizoz 2:12:39
54.Asier Ansa 2:17:31
56.Alberto Razkin 2:18:30
57.Joxeja Maiza 2:18:31
58.Carlos Mañeru 2:18:34
71.Fran Araña 2:21:52
84.Ibon Ubeda 2:26:01
95.Asier Gartziandia 2:31:00
100.Ion Igoa 2:32:41
118.Urko Rekalde 2:39:50
129.Iban Martin 2:46:13