Garagarrilaren 15etik irailaren 30era bitartean euskara hutsezko udalekuren batean egon diren haur eta gaztetxoen gurasoek dirulaguntza eskatzeko aukera dute. Baldin eta udalekuak 5 egun (4 gau) eta 15 egun (14 gau) bitartean iraun baditu. Euskara Zerbitzuaren laguntza deialdi horretatik kanpo gelditzen dira, besteak beste: Sakanako Mankomunitateak zuzenean edo zeharka kudeatutako udalekuak, Mank-en laguntza jasotzen dute udalekuak, txango eta bidaiak, barnetegi erregimena eskatzen ez duten kirol campusak eta barnetegi erregimena eskatzen ez duten hiri-udalekuak edo udaleku irekiak.
Mank-ek 9.000 euro bideratuko ditu eskaerak egiten dituzten gurasoen artean banatzeko. Hala ere, jakinarazi duenez, gehienezko dirulaguntza 125 eurokoa izanen da. Bestalde, anai-arreba batek baino gehiagok hartu baldin badu parte udalekuetan, amak, aitak edo tutoreak eskaera bat egin beharko du senide bakoitzeko. Eskabide ofiziala betetzearekin batera, honako dokumentazioa gehitu beharko da: udalekura joan denaren aita, ama edo tutorearen nortasun agiriaren fotokopia, udalekura joan denaren erroldatze-agiria, udalekuari buruzko ezaugarriak (iraupena, hizkuntza, egitaraua) biltzen dituen dokumentua edo publizitaterako erabili den euskarria, udalekua antolatu duen entitateak izenpeturiko asistentzia egiaztagiria, eskatzaileak udalekuaren gastu osoa ordaindu izanaren ordainagiria(k) eta aitorpena, objektu horretarako administrazio publikoei edo entitate pribatuei eskatutako edo haiek emandako dirulaguntza guztiena. Dokumentazioa Mank-en Lakuntzako egoitzan edo egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu daiteke.
Dirulaguntza jasotzeko bete beharreko baldintzak dira: Lehen Hezkuntzako edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikaslea izatea, Sakanan erroldatua egotea eta Mank-ekiko zerga betebeharrak ordainduta izatea (mankomunitateak ofizioz egiaztatuko du inguruabar hori eta behar den eginbidearen bitartez jasoko).