Euskara "ahoratzeko" deialdia

Guaixe 2021ko ira. 7a, 10:04

Euskara ahoan, beste inon baino hobe.

Helduen artean euskararen ikaskuntza sustatu nahi duen 'Euskera ahora' kanpaina, batik bat, gazte jendeari zuzendu zaio, gazteak euskara ikastera bultzatzeko, "euskara ikastea hautu erakargarria baita, bizipen eta aukera ugari ematen dituena".

Pertsona helduak, bereziki gazteak, euskaltegietan izena eman eta euskara ikastera gonbidatzeko sortu da Euskara ahora. Ikasi eta mugitu zure mundua! kanpaina. "Aurtengo kanpaina, adin guztietarako bada ere, gazteei begira egin da bereziki, eta horretan nabarmendu nahi izan dugu euskara ikastea aukera ezin hobea dela harreman pertsonalak ehuntzeko eta gizarteratzeko, euskal kulturara hurbildu eta ezagutzeko eta lan-aukerak zabaltzeko. Zentzu horretan, ez da ahaztu behar euskararen komunitatea dinamikoa eta gertukoa dela, eta euskara ikasleari babesa ematen diola". Hala azaldu du Nafarroako 33 toki entitateren izenean Erronkaribarko Batzordeburu Eneko Egiguren Ruizek. 

Gaur egun euskaltegietan euskara aurrez aurreko klaseen, ikastaro erdi presentzialen edo bide telematikoen bidez ikasi daiteke. Horretarako euskaltegiak prest daude, baliabide berriak eskuratu dituzte eta, horregatik, aurreko ikasturtea gorabehera handirik gabe eman zuten. Euskarabidearen zuzendari kudeatzailea den Mikel Arregik euskaltegiek egindako lana azpimarratu nahi izan du; izan ere, "eskaintza mantentzeaz aparte, telelanaren eta erreminta birtualen bitartez aberastu egin dute". Euskaltegiak, esan zuen, "ekarpen garrantzitsua egin diote Nafarroako gizarteari eta egiten jarraituko dute, orain bizitzea egokitu zaigun krisi-garai honetan ere".

Gizarte ekimeneko euskaltegien ordezkari aritu den Beatriz Buldain AEK-ko euskara irakasleak nabarmendu duenez: "Euskaltegietan gure eskura dauden neurri guztiak jarriko ditugu euskara eskolak osasun berme guztiz eskaintzeko". Hala berean, nafar guztiak "euskara ikastera" animatu nahi izan du, "Nafarroa osoko 100 bat herri eta auzotan dauden euskaltegietan".

Informazioa eta laguntzak
Urteak dira Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak (948 464 840 edo euskara1@sakana-mank.eus) euskara ikasten duten helduendako dirulaguntzak ematen dituela. Horren kontura Ruizek aipatu zuenez, "toki entitateetan ederki dakigu pertsona helduek motibazio handiz ekiten diotela euskara ikasteari baina, jakin badakigu ere herritarrek ahalegin pertsonal eta ekonomiko handia egin behar dutela prozesu horretan. Hori dela eta, dirulaguntzak ematen ditugu, matrikula merkeagoa egiteko".


Laugarren urtez jarraian, Euskarabideak ikasleei zuzenduriko laguntza-deialdi bat jarriko du abian, 2021-2022 ikasturtean ikastaroak egiteko asmoz: ikastaro trinkoak, barnetegiak eta autoikaskuntzarako ikastaroak. Horretarako, 223.295 euro jarri ditu, joan den urtean baino 33.000 gehiago. Aurreko ikasturtean ia 900 ikaslek jaso zituzten dirulaguntzak. Era berean, deialdi honetan ikasle bakoitzak 300 euro bitarteko laguntza lor dezake eta, gainera, laguntzak bateragarriak dira toki entitateek banatzen dituztenekin. Ikasleek laguntza eskatzeko epea irailaren 27tik lastailaren 24ra izanen da. Dirulaguntzei eta euskaltegiei buruzko informazioa www.euskaraikasi.nafarroa.eus webgunean edo 012 arretarako telefonoak eskaintzari eta dirulaguntzei buruzko informazioa emanen du irailean, astelehenetik ostiralera 08:00etatik 19:00etara.

Nafarroa Suspertu Planaren barnean, Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren neurrietariko bat da, hain zuzen ere, helduendako euskararen irakaskuntza egokitzea, euskara irakasten jarraitu ahal izatea bermatze aldera. Euskarabidea eta tokiko erakundeak, tartean Sakanako Mankomunitatea, dira kanpaina sustatu dutenak. Eta haiekin bat egin dute Zubiarte euskaltegi publikoak, hizkuntza eskola ofizialak, AEK-k, IKA-k eta Lan Ta Land-ek.