Astekaria

"Pazientzia eduki beharreko lana da"

Olaia Granizo Candelas Koskobilo II leze ondoan, arkeologia indusketa egin duten tokian.

Koskobilo II lezeko arkeologia indusketan joan den urtean eta aurten aritu denetako bat da Olaia Granizo Candelas historialari altsasuarra. Pozik ari da, etxetik gertu eta gogoko duen horretan. 

Aranzadi zientzia elkarteak hamarreko taldea osatu du Koskobilo II lezean arkeologia indusketa egiteko. Taldean altsasuarra eta olaztiarra izan dira. Aurrenak, Olaia Granizo Candelas historialariak, bere esperientziaren berri eman du. 

Zergatik zaude zu hemen? 
Txikitatik nahi izan dut arkeologian aritu. Gasteizen Historia ikasi nuen. Joan den urtean karrera bukatu nuen. Duela bi urte hasi nintzen Aranzadi zientzia elkartekoekin, Dani Ruiz Gonzalezekin harremana izan nuen. Altsasuarra naizenez, Koskobilo 2ko indusketan parte hartu nahi nuen galdetu zidan, eta, jakina, baiezkoa eman nion. 

Beraz, txikitako ametsa betetzen ari zara!
Bai, bai. Betidanik nahi izan dut arkeologia edo historia ikasi eta lan egin nahi izan dut.

Gainera, etxetik bertan aukera izatea…
Kristoren aukera! Normalean etxetik gertu ez da izaten. Eta esan zidanean, bua!!! Oso-oso gustura!

Zergatik arkeologia? Zergatik historia? 
Egia esan, ez dakit. Etxean beti egon da grina hori. Amari ere pila gustatzen zaio. Txikitatik, jakin-mina. Beharbada, gehienbat egiptologiagatik. Nik uste karrera horretan sartzen garen guztiak edo horregatik, edo paleontologiagatik sartzen garela. 

Zer? Imajinatu behar zaitut munduko haitzulo guztiak amarekin bisitatzen? 
Ez. Ama gehiago da eraikinen eta halakoen zale. Hasiera batean, erromatarren garaia, edo egiptologia gustukoagoa nuen. Baina ikasketekin historiaurrea, haitzuloen kontua, ezagutzen hasi nintzen eta esan nuen: hau ere gustatzen zait!

Iristen da momentu bat Historia guztitik zati bat aukeratu behar duzuna? 
Gero irakasle izan nahi baduzu, ez da beharrezkoa. Baina denok dugu gustuko garai bat, edo bi. Ikerketarako gomendagarria da batean zentratzea, metodologiak desberdinak direlako. Ikerketarako gustuko garaia izan behar duzu. Niri historiaurrea orokorrean gehien gustatzen zaidan garaia da, baita antzinaroa ere. 

Arkeologoak lanean ikustea nahiko hipnotikoa da. 
Askotan esaten digute aitona-amonak obrak ikustera joaten diren bezala, guri lanean begira jendea hipnotizatuta bezala begira gelditzen dela. Ni indusketa lanen ondoan baldin banago fitxaren bat egiten, begiratzean, erlaxatu bezala egiten naiz. Zerbait oso metodikoa da, pazientzia eduki beharreko lana da. Baina ez da beti labanarekin ibili behar. Batzuetan aitzur txikitxoak sartzen ditugu. Baina hori garaiaren arabera izaten da. 

Labanarekin, brotxarekin ikusi zaituztet. Lurra bahetzea tokatzen zaizue? 
Askotan. Historiaurre oso-oso zaharrean labanarekin eta brotxarekin ibili beharra dago. Baina zenbat eta berriagoa izan historia, orduan eta erreminta handiagoak sartzen dira. Esaterako, erromatar garaian eta Erdi Aroan pikotxarekin, edo aitzurrarekin. Zerbait berezia sortzen bada, erreminta fina erabiltzen da.  

Martxa horretan indusketan behera eta aurrera egitea kostatu egiten da! 
Bai, erreminta finarekin bai. Joan den astean erreminta finekin hasi ginen eta 10 cm jaisteko aste eta erdi eman ditugu. Pazientzia. Eta pixkanaka, presarik gabe aritu behar. 

Eta ikusten duzunean zerbaitek itxuraren bat duela, zer sentitzen da? 
Argi duzunean zer den eta zerbait ikusgarria denean, ematen dizu… 

Kaka, suharri bat!
Suharriaren arabera! Beharbada saltoka hasten zara! Baina ez badakizu zer den, zer ote den galdezka gelditzen zara. 

Giza aztarnak opatu dituzue. Pozgarria izanen zen hori, ez? 
Oso arkeologo gutxik esan dezakete giza aztarnak aurkitu dituztela. 

Halakoetarako xanpaina freskatzen izaten duzue?
Aurten ez. Baina zerbait oso-oso arraroa ateratzen bada, ospatzera joaten gara. 

Aurkikuntza pozgarria izaten dela esan duzu. Baina lanean segitu beharra dago. 
Mundu guztia gelditu eta pieza ikustera gerturatzen den momentua izaten da. Zuzendariak ordena pixka bat jarri behar du: “benga, guztiak lanera! Gero ikusiko duzue!” 

Pieza bat lurretik azaleratu ondoren, zer egiten da harekin? 
Piezarekin argazkia ateratzen dizute, zu poz-pozik agertzen zarena. Ondoren, poltsa batean gorde egiten da, bere siglarekin. Estazio totalarekin erreferentziatu egiten da, topografia programa batekin planoan kokatzeko. Ondoren laborategi lanak hasten dira. Denaren arabera siglatu, inbentariatu eta halakoak. 

Aurkitu duenaren izenarekin aztarnak batailatzen dira? 
Ez, baina batzuetan izen txikiak jartzen dira, bai.

Zer moduzko esperientzia izaten ari da?
Oso-oso ona. Jendearekin denbora pila pasatzen dugu eta familia txikitxo bat sortu dugu. 

Jakintza desberdinetako jendea zabiltzate? 
Aurten denak historialariak gara. Taldekide bat daukagu filologo klasikoa. Beste indusketa batzuetan arkitektoak-eta etortzen dira. Denetarik. Askotan boluntarioa denez, gustuko duen jendea etortzen da. 

Horrelakoetan, ikasita etxera?
Hori da. Etortzen dira, ikasten dute pixka bat. Eta errepikatzen badute, batzuetan karreran hasi berriak baino hobeto aritzen dira. 

Indusketa bukatu eta gero, zer? 
Lanean segitu eta, ondoren, Santanderrera master bat egitera joanen naiz. Trebatzen segitu, lanean jarraitzeko. 

Erlazionatuak

"Koskobilo II-k luzerako jokoa emanen du"

Olazti

Aranzadi Zientzia Elkarteak Koskobilo II lezean arkeologia indusketa egin du hiru astez. Haren arduradun Dani Ruiz Gonzalezek indusketaren zergatia...