Arakilgo barietateen gida, jendaurrera

Guaixe 2021ko ira. 7a, 09:32
Alubiei buruzko informazioa jasotzen. ARTXIBOA

Ostegunean, 18:00etan, Egiarretako Itxasperri ermitan. Edukiera mugatua da eta aldez aurretik izena eman behar da Arakilgo udaletxean: 634 584  26 edo 948 500 101 telefono zenbakietara hots eginez, irailaren 8a baino lehen. Arakildarrek izanen dute lehentasuna. 

COVID-19 gaitzaren hedapenak ez zuen utzi aurkezpena garilaren 25ean egiten, beraz, hitzordua atzeratu eta Arakilgo Udalak ostegunean aurkeztuko du Arakilgo bertako barietateen gida. Nekazaritza bioaniztasunari lotutako ezagutza tradizionalaren bilketa bat gida. Hura aurkeztu eta  mahai ingurukoa antolatu da, nekazaritzako landare barietateei buruzko informazioa biltzen parte hartu duten zenbait arakildarrekin. Izan ere, gida osatzeko nekazaritzan aritu diren 50 arakildar baino gehiago elkarrizketatu dituzte. Haiek emandako informazioarekin atal ugari dituzten fitxak sortu dira, landare barietate bakoitzaren deskribapena, balorazioa, erabilera eta kontserbazio egoera ezarriz eta zenbait argazki gehituz. 

Antzinako haziak, fruta-arbolak eta zurezkoak aurkitzea eta berreskuratzea izan da helburu nagusia, "gure elikadurarako, gastronomiarako, kulturarako, ingurunerako edota landa garapenerako duen balio handia dela eta. Legediak nekazaritzaren bioaniztasuna eta nekazaritza ezagutza tradizionalak babesten ditu, eta ildo hori jarraituz garatu da proiektua", azaldu du Ester Monterok, hartan lan egin duen adituak. 

Monterok jakinarazi duenez, "emaitzek nabarmen gainditu dituzte hasierako itxaropenak, hamahiru espezieetako tokiko 70 barietate aurkitu baitira". Haien artean daude udareak, aranondoak, sagarrondoak, pikondoak, gaztainondoak, hurrak, intxaurrondoak, mahatsondoak, mizpirak, pomoa,  alubiak… Opatutako barietateen artean honakoak nabarmendu ditu Monterok: San Juan udareak, udare txikiak, Kanpana udareak, Pelotxa aranak, Beraza etxeko aranak, Muturluze sagarra, Zolda sagarra, Ostabeltza gaztaina, Mokoroa, Piku Horia, Nigana edo Eper-begiko babarruna. 

Teknikariak azaldu duenez, "gehienak desagertze arriskuan daude, eta arakildar askorendako ezezagunak dira, batez ere biztanleria gazte eta adin ertainekoendako". Gaineratu duenez, "balio handiko natura eta kultur ondarearen aurrean gaude, eta ezinbestekoa da ezagutzera ematea. Horrela, haren galera saihestu eta erabilera sustatuko dugu, bai autokontsumorako, bai maila profesionalerako elikadura eta nekazaritza osasungarria, jasangarria, kultura aldetik egokia eta tokiko baldintzetara egokitua izatea bermatuz". 

Gida Bertako barietateak-Semillas de diversidad proiektuaren parte da. Hura Arakilgo Udalak sustatu du, Sakanako Garapen Agentziarekin koordinatuz, eta Arrea agroecologicak gauzatu du. Egitasmoaren barruan ibarreko tokiko barietateak berreskuratzeko zenbait ekintza egiten ari dira. Haietako batzuk, honako elkarteekin elkarlanean: NUP-eko Frutugintza eta Mahastizaintza Saila, EVENA, CITA-Aragon, CRF-INIA edota Nafarroako Hazi Sarea.