Pilota

Martijaren itzulera eta aukera

Guaixe 2021ko ira. 3a, 11:30

Urrutikoetxea biko duela, Masters CaixaBank Torneoko finalerdietan sartzeko aukera dute, igandeko Zumaiako play-offean Altuna eta Aranguren garaitzen badituzte. Zabaleta eta Olaizola finalerdietarako sailkatuta daude, eta Ezkurdia eta Imaz txapelketatik kanpo geratu dira

Masters CaixaBank udako Torneoa azken txanpan sartu da. Hasierako ligaxkako 7 jardunaldiak jokatuta, Peña II.a era Rezusta izan dira finenak, 6 partida irabazita. Finalerdietarako zuzeneko txartela lortu dute, sailkapenean bigarrenak izan diren Olaizola II.ak eta Zabaletak bezala, azken hauek 4 partida irabazita baina tantoaveragean pilatu dituzten puntuei esker. 3. eta 6. postuen artean sailkatu diren Altuna III.a-Arangurenek (4 puntu), Peio Etxeberria-Albisuk (4 puntu), Elezkano II.a-Mariezkurrena II.ak (3 puntu) eta Urrutikoetxea-Martijak (3 puntu) finalerdietarako play-offak jokatuko dituzte asteburu honetan, eta Ezkurdia-Imaz (2 puntu) eta Jaka-Tolosa (2 puntu) txapelketatik kanpo geratu dira. 

Zabaleta finalerdietarako sailkatuta, Martija da bertan egoteko aukera duen beste sakandarra. Urrutikoetxeak eta Martijak igandean jokatuko dute play-offa, Zumaian, Altuna III.aren eta Arangurenen kontra. Etxeberrikoak eta Zaratamokoak arerio gogorrak dituzte eta partida zaila aurreikusten da, Altuna eta Aranguren direlako faboritoak, baina igandean ikusiko da nork lortuko duen finalerdietarako txartela. Martijak ezin izan ditu torneoko azken bi partidak jokatu, eskuin eskua justu samar zuelako, eta Iñigo Bikuñak hartu du bere tokia. Baina Etxeberrikoa bueltan da, Masters CaixaBank Torneoko une erabakigarri honetan bere alea emateko, eta igandean bere onenean egotea espero du. 

Beste play-offa Peio Etxeberriak eta Albisuk eta Elezkano II.ak eta Mariezkurrena II.ak jokatuko dute. Kanporaketa larunbatean jokatuko da, Zierbenan. Peio Etxeberria ere kantxara itzuliko da. Agorrilaren 7an Urrutikoetxea eta Martijaren kontra jokatzen ari zela kolpea hartu zuen, eta ordutik jokatu gabe egon da eta Unai Laso aritu zen bere ordez. Partida erabakigarri honetara nola iritsiko den da pilotazale askoren zalantza.