Astekaria

Futbolaren itzulera, albiste oso onekin

Maider Betelu Ganboa 2021ko ira. 9a, 12:35

2019ko emakumezkoen Altsasu erregional taldea. Joan den urtean ez ziren aritu, baina aurten bueltan dira Emakumezkoen 1. Maila Autonomikoan.

Lagun Arteak ligari ekin dio, eta Etxarri Aranatz eta Altsasu asteburuan hasiko dira lanean. Iazko geldialdiaren ondoren Preferente mailan bueltan da Etxarri Aranatz, eta emakumezkoen Lehen Maila Autonomikoko Altsasu taldea ere berpiztu da

Futbola bueltan da. Noizbait joan bazen. Pandemia dela eta, joan zen denboraldia, 2020/2021, 2020an hasi beharrean 2021ean hasi zen, oso berandu, eta, jakina, berandu despeditu zen. Baina badirudi nolabaiteko normaltasunera bueltatzen ari garela eta Nafarroako Futbol Federazioak araututako txapelketak ohiko moduan hasiko dira. Beraz, gure futbolariek atseden hartzeko ez dute beta gehiegirik izan. 

Lehen Maila Autonomikoan lehiatzen den Lagun Artea izan da 2021/2022 denboraldi berriari ekin dion lehen talde sakandarra. Lakuntzarrek dagoeneko bi jardunaldi jokatu dituzte, eta igandean Aluvion taldeari 3 eta 1 irabazi zioten etxean, Zelai Berrin. Itxura ona eman zuten txuriek.

Etxarri Aranatz bueltan 
Preferente mailako 2021/2022 liga asteburu honetan hasiko da. Pandemia dela-eta aurreko ikasturtean ligan aritzeari uko egin eta gero, aurten bueltatzea erabaki du Etxarri Aranatzek. Preferente mailako lehen multzoan lehiatuko dira etxarriarrak, honako taldeekin: Injerto, Amaia, San Andres, Amigo, Lagunak B, San Jorge, Aibares, Bidezarra B, Ilunberri, Ondalan, Beriain, Arrotxapea, San Miguel, Lezkairu, Ardoi B, Arenas eta Itaroa Huarte B. Urtebete pasa geldi egon eta gero, gogotsu ekingo diote ligari etxarriarrek. 

Ildo honetan, asteburuan IMQ Kopako bosgarren multzoko hasierako ligaxkako hirugarren jardunaldia jokatu zuen asteburuan Etxarri Aranatzek Altsasuren kontra. Bana berdindu zuten. Sailkapenean Ondalan da lehena (9 puntu), Altsasu bigarren (4 puntu) eta Etxarri Aranatz hirugarren (2 puntu).

Altsasu prest
Erregional mailan ere asteburu honetan ekingo zaio txapelketari. Altsasu da kategoria horretan izango dugun ordezkaria. Erregional mailako hirugarren multzoan jokatuko du Altsasuk, honako taldeekin batera: Berriozar, Asdefor, Amaya B, Gazte Berriak Antsoain, San Fermin ikastola, Doneztebe, Beti Kozkor, Arrotxapea B, Aranguren, Iruña B, Leitzako Aurrera eta Baztan. 

Altsasu taldearen buelta
Emakumezkoen Altsasu talde nagusia, Lehen Maila Autonomikoko Altsasu, iaz ez zen lehiatu. Pandemia zela eta, taldea osatzeko zailtasunak izan zituzten eta iaz ez aritzea erabaki zuten. “Soilik pena bat dut, emakumezkoen Altsasu erregional taldea aritu ez izana. Hori da datorren denboraldiko helburuetako bat, talde hori berpiztea” azaldu zuen denboraldi bukaerako balorazioa egitean Imanol Lobo Altsasu Kirol Elkarteko futbol koordinatzaileak. Emakumezkoen talde nagusia berpizteko gogotsu egin du lan klubak eta helburua lortu da. Asteburuan hasiko da Emakumezkoen lehen Maila Autonomikoko liga eta bigarren multzoan lehiatuko da Altsasu, ondoko taldeekin: Mulier, Castejon, Lourdes, Universidad de Navarra, Kirol Sport, Amigo, Oberena, Mutilbera B eta Berriozar. Kirol Sport izango du lehenengo aurkaria. Bestalde, kategoria txikietan emakumezkoen Futbol 8 mailako Altsasu ariko da lanean. 

Gazteen mailako taldeak ere, lanera
Gazteen mailako kategoriak ere lanean daude. Jubenilen lehen mailako Altsasuk historia egin zuen eta mailaz igo zen, Jubenilen Liga Nazionaleko lehen mailara. Asteburuan ekingo dio kategoria berriari Altsasuk, eta Osasuna B taldea hartuko du Dantzalekun. 

Bestalde, jubenilen bigarren mailatik lehen mailara igo zen Altsasu taldeak irailaren hirugarren asteburuan ekingo dio ligari. Lekunberriko Beti Kozkor izango du aurkari. Lakuntzako Lagun Artea taldea ere kategoria horretan lehiatuko da eta Doneztebe izango du lehen aurkaria, Lakuntzan. 

Osasuna eta Mulier lanean
Emakumezkoen Osasuna talde nagusian ariko da aurten Maitane Vilariño olaztiarra, Reto Iberdrola bigarren mailan. Aurreko igandean Osasunak Sporting Gijon taldea hartu zuen Taxoaren ligako lehen partidan eta gorritxoak 3 eta 0 gailendu ziren.

Bestalde, Irati Igoa etxarriarraren Mulier taldea mailaz jaitsi zen eta aurten Nafarroako Lehen Maila Autonomikoan ariko da. Mulierrek asteburuan ekingo dio Ligari, etxean, Castejon aurkari duela.