Astekoa

Uda behera

Erabiltzailearen aurpegia Raf Atxuri 2021ko ira. 6a, 09:02

Udako azken asteak ibili geldoan badoaz, emeki baina arduratsu, astiro bezain zeregintsuki, patxadaz bezain aztoraturik.  

Oso behiala ez zela, industria eta digitalizazioaren jendartea irudikatu ezin zeneko aroetan, gariaren (eta garagarraren) lanak amaitu ondoren, bestelako biltze eta uzta lanetan zebiltzan herritarrak, eta, harekin batera, festaburu tenorea izaten zen herri ugaritan. 

Egun, bestelako lanak dauzkagu "jardunurtea" abiatzen dugularik eta lastoaren eta iraren (edo istorraren / garoaren) hila izan ordez ikasliburu berrien eskuratzea, eta yoga, gimnasio edota igeriketa saioen ordutegia zehaztea da egitekoa asteotan. 

Udara, bestalde, herri ttipi eta koxkorren bizkortzearen garaia da; plazak eta karrikak jolas, solas eta elkarraldien gertalekuak izaten dira, lan sasoiko isiltasun luzearen ondoren. 

Aurtengo uda, pandemiako bigarrena, eta Delta aldaera jaun eta etxeko andere bihurtu zaigun honetan, urrunerako asmoak bazter utzirik, jende anitzek begiak eta oinak gertuko parajeetan ipini ditu; eta Sakanako bazter miresgarriek bisitari multzo bat baino gehiago ekarri dute, egunpasa ederrak egiteko, Urmugako "bolo" zoragarria Aizperron, esate baterako. Gainera, Mediterraneo aldea bero larriak astindu badu ere, lainozko txapelak ongi babestu du Burunda-Aranatz-Arakil lerroa uztail nahiz abuztuko egun frankotan. 

Aurki gorri, horail eta urre ñabarrak nagusituko dira gure baso eta mendietan, eta hotz, epel edo bero, heze ala idor, natura bere atseden xumera doa poliki-poliki.

Dosta gaitezen izadiaren ikuskizun eta janzkera berriaz. Jardunurte berri on.