Txirrindularitza

Imanol Erbitiren Movistarren estrategiak fruitua eman zuen

Guaixe 2021ko ira. 3a, 10:30

Imanol Erbiti eta Nelson Oliveira, tropeletik tiraka. PHOTO GOMEZ SPORT-MOVISTAR TEAM

‘Superman’ Lopezek garaipen epikoa lortu zuen Gamoniteirun Movistar Teamek goitik behera kontrolatutako etapan. Imanol Erbitik talde lan ederra egin zuen beste behin

Movistar Teamek gauzak ongi egiten duenean, aitortu beharra zaio. Eta atzo oso ongi aritu ziren talde urdinekoak. Vueltako etapa nagusia jokatu zen atzo, mendiko etapa potoloa, Gamoniteiru gainean despeditu zena, eta Movistar Team izan zen jaun eta jabe, eta hasieratik. 

Tropeletik 32 txirrindularik egin zuten aurrera, tartean Imanol Erbiti (Movistar Team) eta Gorka Izagirre (Astana). Baita Jorge Azanzaren Euskalteleko Gotzon Martin eta Luis Angel Mate. Ihesaldi horretatik Michael Storerrek (DSM) egin zuen aurrera, eta bakar bakarrik osatu zuen etapa ia guztia. Baina Movistarreko Imanol Erbitik eta Nelson Oliveirak, Baharaineko txirrindulariekin batera, atzetik gogotik egin zuten tira, etapa kontrolatzeko. 1. mailako Cordal portuaren igoera baino lehen harrapatu zuten txirrindulari australiarra. 

Helmugarako 4 kilometroren faltan, Miguel Angel Lopezek (Movistar Team) erasoa jo zuen, aurrean zegoen David de la Cruz gainditu, eta, laino artean, Gamoniteirun gora egin zuen, eta bakarrik iritsi zen helmugara, Movistar Team taldearendako oso garrantzitsua den garaipena lortuaz. Garaipen epikoa izan zen. Kolonbiarrak 14 segundo atera zizkion Roglic-i, 20 segundo bere taldekide Enric Masi eta 22 segundo Egan Bernali (Ineos). 

Sailkapen orokorrean Primoz Roglic-ek jarraitzen du lider sendoa izaten. Movistar Team taldeko Enric Mas 2:30era dago, eta Miguel Angel Lopez 2:53ra. Gorka Izagirre 31. postuan dago, eta Imanol Erbiti 70.ean. 

Datorrena
Gaur Tapia eta Monforte de Lemos tarteko etapa dute aurrez aurre txirrindulariek, 191 kilometrokoa, 3. mailako portu batekin eta 2. mailako birekin. Larunbatean Sanxenxo eta Castro de Herville arteko etapa menditsua jokatuko da eta igandean Padronen hasi eta Santiagon despedituko den 33 kilometroko erlojupekoa, sailkapena finduko duena. Ezusteko handiren bat gertatzen ez bada, ziurtzat jotzen da Roglic-ek irabaziko duela Vuelta, baina nork daki, eta podiumeko beste postuak ere kolokan egon daitezke. Beraz, oraindik badago zertaz gozatu.