Pilota

Julen Martijak ezin izan du Masters CaixaBank Torneoan aurrera egin

Guaixe 2021ko ira. 6a, 10:45
Masters CaixaBank Torneotik kanpo geratu dira Urrutikoetxea eta Martija. JOSE MARI MARTINEZ

Finalerdietara sailkatzeko play-offetan Altuna III.ak eta Arangurenek 22 eta 13 irabazi zieten Urrutikoetxeari eta Martijari

Asteburuan Masters CaixaBank Torneoko finalerdietara sailkatzeko play-offak jokatu ziren. Larunbatean, Zierbenan, Elezkano II.a eta Mariezkurrena II.a finalerdietara sailkatu ziren, partida gogorrean min hartuta dauden Peio Etxeberria eta Albisu ordezkatu zituzten Lasoren eta Salaverri II.aren kontra 22 eta 18 gailendu eta gero. 

Beste play-offa atzo jokatu zuten, Zumaian, Altuna III.a-Arangurenek eta Urrutikoetxea-Martijak. Partida oso serioan, Altuna III.ak eta Arangurenek lortu zuten finalerdietako txartela, Urrutikoetxea eta Martija 13 tantotan utzi eta gero. Emaitzak ez du ongi islatzen partidaren parekotasuna eta gogortasuna. Izan ere, lau pilotariak ongi aritu ziren, serio, baina Altunak egun ona izan zuen, inspirazioa alde, eta horrek bere alde mugitu zuen balantza.

Bi asteko geldialdiaren ondoren kantxara itzuli zen Julen Martija, eta fresko aritu zen, defentsan lan ederra eginez eta pilotakada onak jotzen. Bi bikoak parez pare ibili ziren, baina Jokin Altunaren kalitateak erabaki zuen eta gutxika tantoak euren alde erori ziren. 

Zabaleta ordezkari bakarra finalerdietan
Elezkano II.a-Mariezkurrena II.ak eta Altuna III.a-Arangurenek hasierako ligaxkan zuzenean finalerdietara sailkatu ziren Peña II.a-Rezusta eta Olaizola II.a-Zabaleta dituzte zain asteburuan jokatuko diren Masters CaixaBank Torneoko finalerdietan. Aimar Olaizolak eta Jose Javier Zabaletak Jokin Altuna eta Aitor Aranguren izango dituzte aurkari eta Peña II.ak eta Beñat Rezustak Danel Elezkano eta Jon Mariezkurrena. Finalerdiak Hondarribian eta Vianan jokatuko dira.