Txirrindularitza

Imanol Erbitik eta Gorka Izagirrek, Vueltari agur

Guaixe 2021ko ira. 6a, 11:05
Imanol Erbiti atzoko erlojupekoan. PHOTO GOMEZ SPORT / MOVISTAR TEAM

Roglic-en beste erakustaldi batekin despeditu da Espainiako Vuelta. Erbitiren Movistar Teamek Enric Masen bigarren postuari eutsi dio taldearendako Vuelta oso nahasia izan denean. Izagirreren Astanarendako ere ez da Vuelta gozoa izan. Azanzaren Euskaltel-Euskadi oso presente izan da Vueltan

Primoz Roglic-en (Jumbo) beste erakustaldi erraldoi batekin despeditu da aurtengo Espainiako Vuelta. Azkeneko etapa Padronen hasi eta Compostelako Santiagon despeditutako 38,8 kilometroko erlojupekoa izan zen, eta esloveniarrak hegan egin zuen, beste behin bere nagusitasuna erakutsiz (44:02). Nielseni (Education First) 14 segundo atera zizkion, eta Enric Masi (Movistar Team) 2:04 minutu. Hala ere sailkapen orokorrean Enric Masek bigarren postuari eustea lortu zuen, eta Roglic- txapeldun handitik 4:42ra sailkatu zen txirrindulari kataluniarra. Hirugarren Jack Haig sailkatu zen (Bahrain). 

Astanak zorterik ez eta Movistar krisian
Espainiako Vuelta despeditzea lortu dute bertan lehiatu diren bi sakandarrek. Gorka Izagirre (Astana) 27. sailkatu da sailkapen orokorrean, 1:39:03ra, eta Imanol Erbiti (Movistar Team) 66. izan  zen, 3:28:24ra. Astanak ez du zortea alde izan. Erorikoak eta bestelakoak zirela eta, goiko postuetatik kanpo geratu zen Vlasov liderra, baina, hala ere, dena eman du Gorka Izagirrek. Eta Imanol Erbitiz, zer esan. Atzera ere ikusgarri aritu dela eta talde-gizon bikaina dela, tropeleko onenetakoa. Bere taldearen alde hustu egin da beste behin, eta Enric Mas eta Miguel Angel “Superman” Lopez bere liderren talde gizon fidela izan da. Larunbateko etapan, eta beroaldi bat tarteko, bizikletatik jaitsi eta Vuelta utzi zuen “Superman” Lopezek taldean eragindako krisiaren aurrean, atzera ere bera aldarte ona erakutsi du Imanol Erbitik, bere izaera bikainaren seinale, eta hobekien egiten duena egin du: taldearen alde lan egin. Masen bigarren postuarekin eta Superman Lopezek ostegunean Gamoniteirun lortutako garaipenarekin despeditu du Vuelta Movistarrek, talde krisian murgilduta. 

Erbitiren zenbaki ikusgarriak
Aipatzekoa da Imanol Erbitik Chente Garciaren errekorra berdindu duela: 27 itzuli handietan aritu dira biak. Hala ere, Erbitik Chente gainditu du, Erbitik horietako 25 despeditu dituelako, eta Chentek 21. Imanol Erbitik 38 urte ditu, datorren urtean Movistarren jarraitzea aurreikusten du eta zenbaki ikaragarriak ditu: Espainiako 14 Vuelta egin ditu, Frantziako 12 Tour eta Italiako Giro 1. Bi etapa garaipen lortu ditu eta soilik bitan utzi du lasterketa. 

Euskaltel-Euskadi kementsua
Bestalde, Jorge Azanzak zuzentzen duen Euskaltel-Euskadik itxura ona eman du Vueltan. Ihesaldietan sartu dira, aurrean ikusi zaie eta behin eta berriz saiatu dira. Jarrera eta kemena erakutsi dute.