Arakilgo eta Irurtzungo udalek izan dute aurtengo ekitaldia antolatzeko aukera. Hartan hitza hartu zuten Eduardo Murugarren Francesek (Irurtzungo zinegotzia), Oihana Olaberria Jakak (Arakilgo alkatea), Aitor Larraza Carrerak (Irurtzungo alkatea), Guillen Abrego eta Gorka Hamza Olliver (CNT-ko kideak) eta Ana Ollo Hualde (Herritarrekiko Harremanetarako kontseilaria).
Zuriñe Mayok eta Juan Carlos Aoizek Martxan baten lehen notak pieza jo zuten klarinetearekin eta tronboiarekin. Maite Mene kantariak bere abesti bat eta Beberen Razones kanta abestu zituen. Luis Quintanaren kontrabaxuaren doinura Urko Mauduitek aurreskua dantzatu zuen, jendeak lore eskaintza egin baino lehen. Aurretik, Mayo eta Aoizen musika laguntzarekin, Nerea Baldak poesia bat errezitatu zuen.
Ezinegonak
Ezinegon batzuek
ez dute oraindik izenik
Hutsarte batzuk ez ditu orbelak estaltzen
Jakin nahiak ez dira euri langarretan lurruntzen
Egonezin batzuk
gogoan fosiltzen dira
Eta harrizko labar bilakatu
Ezinegon batzuek
sutondoan batzen gaituzte
Izan ginenari buruzko istorioak xuxurlatzen dizkigute
Nor garen ulertarazten
Egonezin batzuek
bide orriak idazten dituzte geure baitan
Memoria garela esaten digute
Zapatetan bildutako hartxintxarrez
Ezinegon batzuk
Oroimen eta akorduz erditzen dira
Baina orainean eraikitzen gaituzte
Izenik gabeko ezinegon horiek
Horiexek
egiten gaituzte