Txirrindularitza

Urtasunen Kern Pharma, Arrietarekin, Giro della Regioneko talderik onena

Guaixe 2021ko ira. 7a, 12:27
Igor Arrieta, Kern Pharma taldeko maillotarekin. KERN PHARMA

Zuzendari urdiaindarrak zuzentzen duen Kern Pharma taldeak bigarren postu bat eta talderik onenaren saria jaso du Giro della Regione Friuli, Venezia e Giulia itzulian

Asteburuan, irailaren 3tik 5era, profesional mailako Giro della Regione Friuli, Venezia e Giulia itzulia jokatu zen Italian, profesional mailako hiru etapako lasterketa ederra. Bertan lehiatu zen Pablo Urtasun urdiaindarrak zuzentzen duen Kern Pharma taldea. Taldeko txirrindulari profesionalez gain, egun afizionatuen mailako Lizarte taldeko txirrindulariak diren eta datorren urtean Kern Pharmarekin profesional mailara salto egingo duten bi txirrindulari aritu ziren Kern Pharmako stagiaire edo ikasle gisa: Igor Arrieta uharte arakildarra eta Ivan Cobo. 

Kern Pharmak lan bikaina egin du Giro della Regione Friuli, Venezia e Giulia itzulian: Jose Felix Parra bigarren sailkatu zen sailkapen orokorrean, eta talde berdea giroko talderik edo squadrarik onena izan zen. Sekulako maila eman zuten Pablo Urtasunen esanetara aritu ziren gizonek, baita Arrieta eta Cobo stagiaireak ere. Talde lan bikaina egin dute, eta datorren urtean profesionalen mailara salto egiteko tenorean, sekulako esperientzia lortu dute. 

Jonas Rapp alemaniarrak (Team Hrinkow Advarics Cycleang) irabazi zuen Giro della Regione Friuli, Venezia e Giulia (10:33:18), eta Kern Pharmako Jose Felix Parra bigarren sailkatu zen, 19 segundora. Igor Arrietak talde-lan ona egin zuen eta 51. postuan despeditu zuen proba, 13:26ra. 

“Taldeak egindakoarekin kontentu nago”
Pablo Urtasun Kern Pharmako kirol zuzendaria

Pablo Urtasun kontentu dago bere taldeak Italian egindako lanarekin. “Giroa lortzeko borrokan sartuak egon gara, hori da nahi genuena, eta egin dugunarekin kontentu nago” nabarmendu du urdiaindarrak. Balantzea “positiboa” da Urtasunendako. “Taldekako sailkapena irabazi dugu eta lehen 10 postutan 3 taldekide sartu ditugu, Jose Felix Parra bigarren, Jaime Castrillo bederatzigarren eta Jon Agirre hamargarren. Lasterketetan parte hartzeaz gain, ikasten jarraitzen dugu, eta hori gure taldearendako aurrerapausoa da. Tamalez, ezin izan dugu etapa garaipenik lortu, baina maila oso onean gaude” aitortu du Urtasunek.