Atzo, asteartea, aurkeztu zuten Logroñoko Sanmateotako Binakako Torneoa. Ohikoa baino laburragoa izango da torneoa, guztira 4 bikotek parte hartuko dute parte, eta euren arteko finalerdien ondoren erabakiko da final handia.
Bi pilotari sakandar lehiatuko dira: Joseba Ezkurdia eta Jose Javier Zabaleta. Ezkurdiak Rezustarekin osatuko du bikotea eta Zabaletak Victorrekin, eta hain zuzen ere bi biko hauen arteko finalerdiak zabalduko du torneoa, irailaren 24an. Zabaleta kontentu dago Victorrekin bikotea osatu izanagatik, “etxeko pilotaria denez, zaleak alde izango ditugulako”. Ezkurdiaren eta Rezustaren kontrako partida “zaila” izango dela gaineratu du Etxarrengo atzelariak. Beste finalerdia Olaizola II.a-Mariezkurrenak eta Jaka-Albisuk jokatuko dute.
Binakako Torneoaz gain, irailaren 21ean, San Mateo egunean, Altuna eta Laso elkarren kontra lehiatuko dira lau eta erdian, eta irailaren 25ean Añares Ardoaren Desafioa jokatuko da. Añares upategiko 1.200 ardo botila izanen dituzte jokoan Aspek eta Baikok.
Aforoari dagokionez, Adarraga frontoiaren erdia bete ahal izango dute pilotazaleek; hau da, 700 pertsonarendako tokia izango da.