Natur parkean abereen osasun arriskuak saihesteko neurriak

Guaixe 2021ko ira. 9a, 09:19

Behiak Urbasako Larregoikon. ARTXIBOA

Nafarroako Gobernuak hainbat neurri onartu ditu Urbasa eta Andiako abereen osasun arriskuak saihesteko, besteak beste, abereak sartzean egin beharreko berrogeialdiak eta gaitzak kontrolatzeko programak aurreikusi ditu.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak Urbasa eta Andiako larreak erabiltzen dituzten ustiategietako abereen segurtasuna bermatzeko osasun plana prestatu du; derrigorrez bete beharko dute abeltegiek. Bertan jasotzen denez, mendian abere berriak sartzean egin beharreko eta sor daitezkeen gaitzak saihesteko kontrolak ezarriko dira.

Neurri horiek guztiak biltzen dituen foru agindua Nafarroako Aldizkari Ofizialak asteartean argitaratu zuen, eta asteazkenetik indarrean daude. Gobernuak jakinarazi duenez, Urbasa eta Andiako herri-larreak erabiltzen dituen abeltzaintza-establezimendu batek erositako animalia guztiak aziendaren gainerakotik isolatuta egon behar da gutxienez 40 egunez. Denbora horretan, gainera, laginak hartuko zaizkio hainbat proba diagnostiko egiteko. Animaliak denbora hori gainditzen duenean eta dagozkion osasun-probak egiten dituenean bakarrik gehitu ahal izanen zaio gainerako saldoari.

Bestalde, adostutako planak behi-, ardi- eta ahuntz-aziendentzako osasun programa espezifikoak aurreikusten ditu, horietako bakoitzean ohikoenak diren gaixotasunak detektatzeko. Hala, behien trikomonosia, errinotrakeitisa, behien beherako birikoa eta behien arteko paratuberkulosia detektatzeko probak eginen dira; ardien artean sarna eta agalaxia kutsakorra kontrolatuko dira; eta gaixotasun hori bera zainduko da ahuntz-aziendan.

Osasun probak saldoetan sartzen diren animalia ugaltzaileetara ere zabalduko dira, baita esnea ekoizteko ugalketarako sailkapen zooteknikoa duten ardi-aziendetara ere. Kasu horietan, probak jatorrizko establezimenduan egin beharko dira, eta, ondoren, helmugakoan, berrogeialdian. Gainerako ardiei agalaxia kutsagarriaren aurkako txertoa jarriko zaie.

Biosegurtasunari buruzko inkestak
Osasun probak eta kontrolak alde batera utzita, behi- eta ahuntz-azienden establezimendu guztiek baloratu beharko dituzte beren instalazioen biosegurtasun-neurriak. Inkestak bost urtean behin errepikatuko dira, dauden osasun-neurriak berriz ebaluatu ahal izateko. Lehenengo inkestak albaitaritza zerbitzu ofizialek eginen dituzte, eta gainerakoak albaitari klinikoek edo ustiapeneko profesionalek egin ahal izanen dituzte.

Gainera, azken hiru urteetan herri larrerik inoiz erabili ez duten edo etengabe erabili ez duten abeltzaintza establezimenduek foru aginduan jasotako neurriak hartu beharko dituzte.