Sakanako Mankomunitateak Arbizun duen Utzubar EKO Gunetik artzainak pasa ziren iraileko lehen astean. Izan ere, urteko bigarren artile bilketa egin zuen Hondakinen Zerbitzuak eta 24 artzainek 10.260 kilo artile utzi zituzten. Hondakin Zerbitzuak aurtengo aurreneko artile bilketa maiatzean egin zuen. Orduan 19 artzainek 4.840 kilo artile eraman zituzten. Joan den astean pilatutakoekin, guztira 15.100 kilo artile jaso ditu Mank-ek.
Kopuru hori joan den urtean jasotakoa baino 9.260 kilo gutxiago da. Olatz Garde Mazkiaran hondakin teknikariak aldearen arrazoia argitu du: “2020an artilea estreinakoz jaso genuen, eta hainbat artzainek urtekoa eta aurretik gordeta zutena ekarri ziguten. Horregatik dago alde hori”. Mank-ek jasotako artilea Artaxoako Ecofert Sansoain konpost plantara eraman du. Hala, artilea, hondakina, egituratzaile gisa erabiliko dute, eta ongarri bihurtuko da. Gardek azaldu duenez, “oraingoz gure konpost plantan ezin dugu kudeatu, hiri hondakinendako dimentsionatuta baitago”.
Gardek azaldu duenez, ibarreko 183 abeltzainekin jarri ziren harremanetan udaberri hasieran. “Jakin nahi genuen artile bilketa zerbitzuaren eskaera zein zen, baita jasotzea noiz komeni zitzaien jakitea ere”. Jasotako informazioan oinarrituta erabaki zuten bilketak maiatzean eta agorrila akaberan egitea. Aurrekora 105 abeltzain hots egin zituzten eta atzenekora, berriz, 97. Artilea eramaten dutenei buruz, Gardek esan duenez, “bai joan den urtean bai aurten, deigarria da gehienak ardiak zaletasun gisa dutela, artzain ez-profesionalak direla”. Artilea eraman dutenek eramandako kopuruaren arabera pagatu dute, horrela Artaxorako bidalketa ordaintzeko.