Hondakinen arloko ikuspegia, kontseilariari ezagutarazia

Guaixe 2021ko ira. 16a, 09:32
David Oroz Alonso, Itziar Gomez Lopez kontseilaria, Mendialdea eta Araxes Garaiko mankomunitateetako ordezkariak Utzubar EKO Guneko konpost planan. ARTXIBOA

2022rako aurreikusitako Hondakin Planaren etorkizuneko berrikuspena eginen da eta hari begira Nafarroako Gobernua mankomunitateekin egiten ari den bilera errondaren barruan izan zen. Hondakin Legean jasotakoan sakontzeko eskatu dio Mank-ek.

Nafarroako Gobernuak 2022rako aurreikusi du 2017-2027rako Nafarroako Hondakinen Planaren berrikuspena. Planean jasoa dagoenez, heldu den urtean haren ebaluazio eta berrikuspen bat eginen da, “hartutako neurrien eraginkortasuna eta emaitzak” aztertzeko. Horregatik, Sakanako Mankomunitateko lehendakari David Oroz Alonso Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilari Itziar Gomez Lopezekin bildu zen agorrilaren 11n, hura Nafarroako mankomunitateetako ordezkariekin egin duen bilera errondaren barruan. 

Ibarrean etxeko hondakinen bilketaz arduratzen da Mank eta zerbitzu horren egungo berri eman zion Orozek Gomezi. “Baliatu genuen gure errealitatea ezagutarazteko eta egiten dugun lanari balioa aitortzeko. Izan ere, Nafarroan gaikako sailkatze daturik onenak dituen eskualdea baita Sakana”, argitu du Orozek. Ibarreko erakundeko lehendakariak kontseilariari “Hondakinen Legeak jasotzen duen ideian sakontzeko beharra” azpimarratu zion, “hau da, ondo egiten duenak horren araberako errekonozimendua jaso beharko luke. Eta sortutako hondakinen arabera pagatzeko ideiara pixkanaka hurbildu beharko ginatekeela esan nion”. 

Orozek azaldu duenez, Gomez kontseilariari beste betebehar baten berri eman zion: “herritarrendako mezuak eta lan didaktikoa bateratu eta sakondu beharra. Hondakinak gaika sailkatzea ezinbestekoa da”. Mank-eko lehendakariak gaineratu duenez, “gauzak ondo egitea motzean ez da merkeagoa izango, baina lurraren iraupenaz ari bagara, egin beharrekoak egin behar dira…”

Horretaz aparte, hondakinen arloan Mank-ek dituen behar materialak ere izan zituzten hizpide Gomezek eta Orozek. Esaterako, kamioi flota berritzearen beharra. Azkenik, esandako guztia bertatik bertara erakusteko, Utzubar EKO Guneko konpost planta erakutsi zioten kontseilariari, “Sakanako materia organikoa bertan bildu eta konpostatzeari balioa eman genion. Herritarren artean nola banatzen dugun, nola estimatzen duten” azaldu zioten, baita nekazaritza ekologikoan erabiltzeko moduko konposta sortzen dela ere.