Ohiko bizilekua da dauden etxebizitzen %76,46

Alfredo Alvaro Igoa 2021ko ira. 16a, 13:57

Irurtzungo ikuspegia Erga magaletik. ARTXIBOA

Ibarrean dauden 10.521 etxeetatik 8.044 ohiko bizilekua dira, eta 2.477 (%23,54) etxe hutsak edo bigarren etxebizitza dira. Ohiko etxebizitzetan, batez beste, 2,52 sakandar bizi dira; baina etxebizitza guztiak kontuan hartuz gero, kopurua 1,93ra jaisten da. 

Etxebizitza Parkearen Estatistikaren arabera, Sakanan 10.521 etxebizitza zeuden 2020ko abenduaren 31n. Haietatik 8.044 etxebizitza nagusi gisa erabiltzen dituzte sakandarrek, %76,46. Aurreko urteetan gertu ibili arren, 2020an, estreinakoz, Sakanan 8.000 etxe baino gehiago ziren lehen bizitza. Izan ere, 2019an baino 57 gehiago zenbatu zituzten, %0,7ko hazkundea. Etxebizitza ohiko bizileku gisa erabiltzeko ibarreko portzentajea Nafarroakoaren 1,65 puntu azpitik dago. Izan ere, herrialdean 324.804 etxebizitza zeuden eta haietatik bizileku nagusia 253.718 (%78,11) ziren. 

Nafarroako Estatistika Institutuak, Nastatek jakinarazi duenez, 2019tik 2020ra herrialdeko etxebizitza parkea %0,6 hazi zen. Sakanan 32 etxe gehiago zenbatu zituzten epe horretan, hau da, %0,3ko hazkundea. Aurreko hiru urteetan ibarreko etxebizitza parkearen hazkundea %0,1ekoa izan zen. 

Sakanako 2.477 etxe hutsik daude, edo tarteka bigarren etxebizitza gisa erabiltzen dira. Halako bizitokiak Sakanan %23,54 dira; Nafarroan, berriz, 71.086 (%21,88) dira. Halako etxeen kopuruak aurreko bost urteetan Nafarroan beherako joera izan zuen; azken urtean, ordea, %0,2 hazi zen. Sakanan 0,31 jaitsi zen. 

Herrika 
Datuek agerian uzten dutenez, populazio txikiagoa duten udalerrietan etxebizitza huts edo bigarren etxebizitza gehiago daude. Zerrendaren buruan Ergoiena (%44,37) eta Arruazu (%43,84) daude. Bizitzen herena pasa hutsik edo bigarren erabilerarekin dute Iturmendik (%38,78) eta Irañeta (%35,71). Eta herenetik gertu daude Arakil (%32,81), Uharte Arakil (%32,41) eta Olatzagutia (%30,88). Herri horiek dira, bertako arkitekturari hobekien eutsi diotenak, baina horrek berak eraikinak zaharberritzea asko zailtzen du inbertsio handiak eskatzen baititu. Ondorioz, etxebizitzarako sarbidea ere zaildu egiten da. 

 

 

Bestaldean daude industria handia hartu eta herria erabat eraldatu ziren herriak, lotura gune direnak eta populazio handia dutenak. Irurtzunen etxebizitzen %10,55 dago hutsik edo bigarren erabilerakoa da. Iruñerako gertutasunak ere laguntzen du etxeak lehen etxebizitza izatea. Altsasun %17,27 dira mota horretako etxeak. Gainontzeko herrietan kopuruak handiagoak dira: Etxarri Aranatz %23,52; Arbizu %25,24; Ziordia %26,7; Urdiain %27,5; Lakuntza %28,05 eta Bakaiku %28,92.

Sakanako etxebizitza eta populazio datuak elkartuz gero, ibarrean etxebizitza nagusi diren 8.044etan 2,52 pertsona bizi dira bataz beste. Baina ibarreko etxebizitza parke guztia kontuan hartuta, bizitza bakoitzean 1,93 pertsona bizi dira bataz beste, 0,59ko aldea. Bi datuen arteko diferentzia zenbat eta handiagoa izan, orduan eta etxe huts gehiago daude udalerrian: Arruazu 2,59 eta 1,45 (1,14 aldea), Ergoiena 2,34 eta 1,3 (1,13) eta Iturmendi 2,74 eta 1,68 (1,06). Atzetik dituzte Irañeta 2,68 eta 1,72 (0,96), Arakil 2,5 eta 1,68 (0,82), Uharte Arakil 2,49 eta 1,68 (0,81), Olatzagutia 2,48 eta 1,71 (0,77), Lakuntza 2,58 eta 1,85 (0,73), Bakaiku 2,48 eta 1,76 (0,72), Arbizu 2,79 eta 2,09 (0,7), Urdiain 2,53 eta 1,84 (0,69), Etxarri Aranatz 2,51 eta 1,92 (0,59) eta Ziordia 2,16 eta 1,58 (0,58). Beste muturrean daude Irurtzun 2,6 eta 2,32 (0,28) eta Altsasu 2,48 eta 2,05 (0,43).