Andiaren mendiaren hegoaldean haize erroten poligonoak egiteko bi tramitazio jendaurrean ditu Nafarroako Gobernuak. Iturgoiengo Trinitate ermitaren inguruan, Iturgoienen eta Lezaunen jarri nahi luketen poligono eolikoak 180 metroko altuerako eta 70 metroko hegalak dituzten 13 haize errotez osatuta egonen litzateke, 52 megawatteko potentzia instalatua. Haize errotetako batzuk Urbasa-Andia natur parkearen mugatik 200 metrora egonen dira.
Proiektuaren arabera, haize erroten poligonoek sortutako argindarra sare elektriko nagusira eramateko 25 km-ko argindar linea berria eginen litzateke mendiaren hegoaldetik. Lineak Lezaun eta Orkoien lotuko lituzke, Gesalatz, Etxauri eta Oltzan barna. Linea horrek 3,24 km natur parke barruan eginen luke. Sustrai Erakuntza fundazioak jakinarazi duenez, “45 hektarea inguruko landaretza kaltetuko litzateke, besteak beste, poligonoak egiteko pistak zabaldu beharko dituztelako. Proiektuaren Ingurumen Eraginaren Azterketan hautemandako hegazti-faunaren artean putreak, arrano beltza, sai zuria, belatz handia eta ugatza daude, besteak beste”. Fundaziotik gaztigatu dutenez, argindar linea berriak sortuko litzatekeen elektrizitatea baino gehiago eramateko aukera emanen luke. Horren atzean beste haize erroten poligono bat jartzeko nahia ikusi du fundazioak. Bestetik, natur parketik gertu dagoen beste haize erroten poligonoa Goñin eta Etxaurin jarriko litzateke. Dozena bat aerosorgailu jasotzen du Kresada proiektuak. Biak Green Capital Power enpresak sustatu ditu.
Egitasmo horiek kezka sortu dute hainbat pertsonaren artean eta Urbasa-Andia bizirik taldean elkartu dira. Energia berriztagarriak beste modu batean kudeatzeko eskatzen dute, eta egitasmoen tramitazioan moratoria ezartzea exijitu dute. Horregatik, haize erroten kontrako sinadura bilketa egiten hasi dira, egitasmoei alegazioak aurkeztu dizkiete eta poligonoak kokatuko diren tokiak bertatik bertara ezagutzeko mendi martxak antolatu dituzte. Hurrengoa, bihar.